MagoMigue: "Magia bidelagun izan dezazuela!"

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko mai. 5a, 14:07

Atzoko ikuskizunaren ostean, gaur bi hitzordu; 18:30ean Herriko plazan eta 22:30ean kafe antzokian.

Haluzinatu egin genuen atzo, barikua, MagoMigue-k Elgetako VIII. Magia Mostra zabaltzeko egindako AluCine ikuskizunarekin. Lumières anaiek asmatu zuten zinema, baina MagoMigue-ren esanetan Georges Méliès izan zen asmakizun berri horrekin ilusionismoa egin zitekeela asmatzen lehena. 

Bada, Méliès handiak irudi muntaketarekin egindako trikimailuak Espaloiko eszenatoki gainean egin zituen Miguek. Pertsona bat erditik zatitu zuen, beste bat desagertarazi egin zuen, publiko artean jasotako hiru eraztun kateatu egin zituen, eta Harry Houdinik egiten zuen moduan txaketa kendu zuen eskumuturrak bilurrekin lotuta zituela. Nola ez, karta jokoekin ere txundituta utzi gintuen, izan ere mundu mailako kartomagia sariduna da Migue.

Trikimailu horiek guztiak, historiako lehenengo pelikulak erakutsiz —'Dama baten desagerpena' edo 'Gizon-orkestra'—, eta umore eta hitz joko biziz jositako emanaldi batean. Publikoa ere lagun izan zuen hasieratik, izan ere ikusleek modu espontaneoan erantzun zuten magoak ikuskizunean egindako gonbite ezberdinei. Bereziki gogoan izango dugu 13 urteko Iñigoren txundidura aurpegia.

Gaur, zapatua, bi hitzordu

Magia Mostrak aurrera darrai eta gaur, zapatua, 18:30ean, Herriko plazan izango da ikuskizuna egiten Francisco Cuesta mago gasteiztarra. La magia de Paco izeneko ikuskizuna egingo du familia osoarendako. Debaldeko ikuskizuna da honakoa. Eguraldi txarrerakin gimnasioan egingo du.

22:30ean, berriz, Magia gala dator. Silvana, Charlie Mag, Parenthèse Cubique eta Enric Magoo izango dira antzokiko ikuskizunean, eta MagoMiguek aurkezpen lanak egiten ditu. Sarrera 18 euro da.

Publikoaren saria ere jokoan da. Jasotako erantzunekin zozketa egingo dute Espaloian, eta sarituek irailean Gasteizen egingo den Magialdira joateko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak