Hasi eta bukatu, magikoa izango da aste bukaera Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko maiatzaren 4a

Munduko punta ezberdinetatik etorrikota hamaika mago ariko dira barruko zein kaleko ikuskizunetan.

Hasi da atzera kontuan Elgetan eta lehenengo magoak iritsi dira herrira. Gaur, barikua, munduko magia ikuskizun onenaren saria eskuratu duen 'AluCine' ikuskizuna egingo du MagoMigue-k, 22:30ean hasita. Sarrerak salgai daude Espaloian 15 euroan.

Magia Gala

Zapatuko magia galan, berriz, lehen lerroko lau magia ikuskizunek bat egingo dute Espaloiko eszenatokian. MagoMiguek egingo ditu aurkezle lanak eta banan-banan harrera egingo die munduko puntu ezberdinetatik eta magia diziplina oso ezberdinak egiten dituzte lau emanaldiri. Enric Magoo (Badalona), Silvana (Argentina), Charlie Mag (Katalunia) eta P-Cubique (Frantzia) taldeek osatuko dute programa. Sarrerak salgai daude 18 eurotan. Bazkideendako bi sarrera 23 eurotan dauden.

Parenthese Cubique frantziarraren magia modernoaz eta ospetsuaz gozatuko dugu lehenengo. Ilusio handiak gustuko dituenendako lana ekarriko digu: Cubic Act.

Ondoren etorriko da Enric Magooren ikuskizun umoretsua. Nazioarteko sariak lortu ditu, eta atzerrian ezagutzera eman duen ikuskizuna ekarriko du Elgetara: Frankie J.B. Duda barik, mago emankorrena da. Urte asko daramatza ikuskizun berbera egiten eta oraindik ez du gaurkotasunik galdu; ikuslea oraindik ere txundituta geratzen da. Antzerki obra txikia eta umoretsua dugu Frankie J.B; betiere, magia trikimailuak ardatz dituela. Frankenstein munstroaren alderdi komikoa ezagutuko dugu. Mandrakes d'Or saria jaso duen antzerki ikuskizuna da.

Eta, nola ez, magia tradizionalaren maisua, Charlie Mag, izango dugu bere usoekin. 20 urteko gaztea da eta sekulako ibilbidea dauka dagoeneko. Numero klasikoaren barruan, magia egiteko erabiltzen dituen elementuak klasikoak dira, magia hitza esan eta burura etortzen zaizkigunak. Hala, usoak desagertzen dituen saioa ikusteko aukera izango da. Mugimendu biziko ikuskizuna da eta musikaren erritmora magoak usoak agertu eta desagerraraziko ditu leku harrigarrietan. Indar bisual handiko ikuskizuna; nazioarteko zazpi sari eskuratu ditu, baita lehen saria mundu mailako mago gazteen txapelketan.

Eta emakumezko bat tartean: Silvana. Jostun baten istorioa kontatzen du eta oihartzun handia izan du nazioartean, oso originala delako ikuskizuna. Magia trikimailuak, antzerkia eta musika oinarri dituen ikuskizuna da Silvana argentinarrarena. Originaltasunaren saria jaso zuen iazko Blackpool-eko, magia jaialdi entzutetsuan (Erresuma Batua).

Magia kalean ere bai

Kalean herritarren aurrean magia erakustaldia doan egitea klasiko bilakatu da. Aurten, ordea, beste ikuskizun bat ere egingo dute. Hala, domeka eguerdian ez ezik, zapatu arratsaldean ere familia osoarendako ikuskizuna eskainiko du Francisco Cuesta Gasteizko magoak, 18:30ean.

Domekan, Silvana eta Brandok Circus kaleratuko dute, lehen saria jaso berri duena Alemaniako Street Magic Festival jaialdian eta Enric Magoo magoak Carro de ilusiones izeneko emanaldia egingo du. Biak 13:00etatik aurrera Herriko plazan. "Helburua magia ikuskizuna bultzatzea da. Magia kalean, doan, bi egunez, herritarren eskura eta herritarrei gerturatzeko asmoz", azpimarratu dute antolakuntzako kideek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak