Martxa onean doaz Domingo Iturbe patronatuaren eraikineko lanak. Oxel Erostarbe alkateak Goiena telebistako Harira saioan esan zuen: "Uste dut lanak irailerako-edo bukatuko direla, eta eskolak edukiko duela jolastoki estalia". Garbitu ederra eman diote inguruari Goitu enpresako langileek. Harriak, teilak, egurrak... materiala guztia erretiratzen ari dira.
Habeak bolatokira
Egurrezko habe lodiak Salbador ermitara eraman dituzte, izan ere, asmoa da materiala horrekin Salbadorren dagoen bolatokia auzolanean estaltzea. Urtean behin, Salbador eguneko ospakizunetan erabiltzen da bolatoki hori, eta urtero egokitu behar izaten da egun horretarako. Estalita badago pentsatzekoa da egoera hobean mantenduko dela.
Lanak Pagandin
Udalak, bestalde, Mendi Nekazaritzatik dirulaguntzak eskuratu ditu bi proiektu aurrera eramateko. Aurten, Egoetxeagatik Eguarbitzarako bidean dagoen Pagandi gunean egingo dituzte lanak. Bidegurutze horretan urak bideratu barik daude, eta goitik behera datoz edozelan. Asmoa da urak kanalizatu eta Ibur errekarantz bideratzea.
Bigarren dirulaguntza Mendikute baserrirako bidean egokitzapen lanak egiteko da, baina ez dira datorren urtera arte egingo. Erreka gainetik pasatzen den zubiari babes-hesiak ipiniko dizkiote, eta baserrirako bide aldapatsuan lanak egingo dituzte hain labainkor izan ez dadin.