Hautsak harrotu dituzte apirilaren 24an Espainiako armadak Elgetan egindako maniobra militarrek, eta Elgetako ezker abertzaleak ere probokazio oso larritzat jo ditu maniobrok. "Espainiako armadak apirilaren 24an, tropa faxistak Elgetan sartu zireneko 75. urtemuga aukeratu izana bertan maniobrak egiteko probokazio oso larria da", adierazi du taldeak ohar baten bidez, eta gaineratu dute Gobernu espainiarra dela armada espainiarrak eginiko probokazio ariketaren erantzulea, "maniobra hauei gobernuak bere babesa adierazi baitie".
Memoriari irain mingarria
Elgetako ezker abertzaleak, bestalde, elgetarren memoriari egindako irain mingarria eta herria berriro militarki hartzea sinbolizatu izana gogor salatu ditu. "Duela 75 urte tropa faxistek Elgeta hartu ondoren egindako erasoak, bortxaketak, torturak eta hilketak jasandako elgetarren memoriari irain mingarria da, lehenengo eta bat. Herria berriro ere militarki hartzea sinbolizatu du Espainiar armadak (...) Elgetan zehar egindako desfilatze obszeno horrekin. Altxamendu faxista hartan gailendu zen armadaren ondorengoek, berriro ere agerian utzi dute Hego Euskal Herrian arma bidez inposatzen den proiektu bakarra espainiarra dela".
Esanahi politiko larria
Hala, Elgetako ezker abertzaleak eskatu du "indar okupatzaileek Elgetatik nahiz Euskal Herritik alde egin dezatela", izan ere honakoak esanahi politiko larriko ekintzak direla uste dute. "Esanahi politiko larria daukate, bai Elgetan Espainiar armadak egindako agerraldiak, bai aurreko egun eta asteetan Hego Euskal Herriko errepideetan biderkatu diren Guardia Zibilaren kontrolek ere".