Militarrek Elgetan egindako maniobrak salatu dituzte

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko apirilaren 25a

Elgetako eta inguruko herrietako lagunek, eta ordezkari politikoek ordu laurdeneko elkarretaratzea egin zuten atzo, Herriko plazan.

'Egia, justizia eta kalte-ordaina, zauriak ixteko askatasunez bizitzeko' zioen pankarta berriz zabaldu zuten Elgetan. Elgetako eta inguruko herrietako hainbat lagun batu ziren atzo iluntzean, eguaztena, pankarta horren atzean, tartean ordezkari politikoak.

Ordu laurdeneko elkarretaratzea egin zuten martitzeneko egunarekin Espainiako ejertzitoak Elgetan egindako maniobra militarrak salatzeko.

Hauxe elkarretaratzea egiteko, Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak martitzenean zabaldutako idatzia:

"Gaur, apirilak 24, betetzen dira 75 urte Francoren tropa faxistak gure herria hartu zuela. Bonbardaketek txikituta laga zuten Elgeta. Baina horrekin nahikoa ez eta soldaduei gura zutena egiteko askatasuna eman zieten euren arduradunek: fusilamenduak, bortxaketak, behartutako lanak... Gure herriak horrenbeste sufritu zuen egun berdinean, baina 75 urte beranduago militarrak Elgetan izan ditugu gaur goizean. Espainiar estatuko armadak gaurko eguna aukeratu izana Elgetan maniobrak egiteko onartezina da, probokazio hutsa! Duela 75 urte gertatutakoa berriro ez gertatzeko eta gaur gertatu dena salatzeko kale bilkura egingo dugu bihar, apirilak 25, Elgetako plazan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak