Espainiako militarrek atzo, martitzena, Intxortako frontea erori zela 75 urte betetzen ziren egunean, egin zituzten maniobrak Elgeta eta inguruetan.
EBBko presidente Iñigo Urkulluk "mentalitate gerrazalea eta probokatzailea" izatea egotzi die eta euskaldunek "biolentzia eta izua atzean utzi" gura dituztela gogora erazi. "Euskal lurretan gisa horretako erakustaldiak eginez lortzen duten bakarra da herri hau indarraren, biolentziaren eta inposizioaren eraginkortasun ezaz kontzientziatzea" esan du.
Goizean egin ditu adierazpenok, Eibarren, herri hori bonbardatu zuteneko 75. urteurrena ospatzeko jeltzaleek egindako ekitaldi baten.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak lotsagarri eta iraingarritzat jo zituen Elgetako maniobra militarrak eta ardurak eskatuko dituztela iragarri.
Elgetarrek iraintzat eta errespetu faltatzat jo zituzten.