Asteburu magikoa Elgetan

Maider Arregi 2012ko api. 25a, 14:39

Maiatzaren 4tik 6ra, momentuko magorik entzutetsuenek erakustaldia egingo dute Espaloia antzokian.  Aurten lehen aldiz, magia kalera aterako dute zapatu arratsaldean ere. Gipuzkoan, erreferente bilakatu da dagoeneko Elgetako Magia Mostra. Aurten, zortzigarrenez antolatu dute maiatzeko lehen aste bukaerarako.

Mila eta ehun biztanleko herri batek beste hainbeste ikusle erakartzen dituela azpimarratu gura izan dute Magia Mostrako antolatzaileek: "Erantzuna benetan oso-oso ona da; Elgeta mila laguneko herria da eta beste hainbeste ekartzen ditu magia jaialdiak gurera". "Munduko mago onenak izan dira  jaialdian; kalitatea zaindu gura izan dugu beti, eta aurten ere lehenengo lerroko magoak eta ikuskizunak ekarriko ditugu", gaineratu dute.

Patxi Basauri Elgetako Turismo zinegotziak Udala eta herriko kultura taldea elkarrekin lanean aritzea azpimarratu du: "Lortu dugu, magia gure bailarara ekarri dugu eta fruitua eman du herrian 250 bazkide dituen elkarte baten eta Udalaren arteko elkarlanaren ondorioz. Horren emaitza da zortzigarrenez egingo den magia mostra hau".

Mugak gaindituz, Patxi Basaurik herritarrak animatzeko deia egin du, jendea Gipuzkoatik ez ezik, Bizkaia, Araba eta Santanderretik ere etortzen dela azalduz.  "Etortzen bazarete errepikatuko duzue. Aho zabalik eta gustura utziko zaituztete magoek Elgetan; etorri gurekin asteburu magiko bizitzera!" esan du.

Mago onenak

Zortzi urteren ostean, aurtengo kartela maila oso altukoa, aniztasun handikoa eta diziplina asko batzen dituena dela esan dute.

Areto barruko ikuskizunetan ariko dira MagoMigue (Granada), P-Cubique (Frantzia), Enric Magoo (Katalunia), Charlie Mag (Katalunia) eta Silvana magoa (Argentina). Ondoren, domeka arratsaldean, Silvanak magia kalera aterako du, Brandon magoaren laguntzarekin.

Eta kaleko magia ikuskizunei dagokienez, aurten egun bat gehiago izango da: domeka eguerdian ez ezik, zapatu arratsaldean ere Elgetako kaleetan barrena ariko dira magoak, denen gozamenerako.

MagoMigue

Barikuan, magia demostrazioa egiten lehena munduko magia saria duen magoa izango da: MagoMigue, AluCine ikuskizun berriarekin. MagoMiguek asko bidaiatzen du eta herrialde askotan egondakoa da. Antolatzaileek azaldu dutenez, oso ikuskizun zaila, konplexutasun handikoa dakar, eta eszenatoki asko dituen espektakulu duina eskainiko du. 

Zinema lehen aldiz ikusi zuten XIX. mende bukaerako gizon-emakume haien tokian ipiniko ditu ikus-entzuleak munduko magia saria jaso duen ikuskizun honek, Georges Melies handiaren omenez.

MagoMigue munduko kartomagia txapelduna da eta hirugarren aldiz izango da Elgetan. Publikoaren Saria jaso zuen 2006an Magia Mostran. Ikuslea aho bete hortz uztera etorriko da, duda gabe.

Magia gala zapatu gauean

Zapatu gaueko magia gala ere Miguek berak gidatuko du. Parenthese Cubique frantziarraren magia modernoaz eta ospetsuaz gozatzeko aukera izango da lehenengo. Ilusio handiak gustuko dituztenentzako lana ekarriko du: Cubic Act.

Ondoren etorriko da Enric Magooren ikuskizun umoretsua. Nazioarteko sariak lortu ditu eta atzerrian ezagutzera eman duen ikuskizuna ekarriko du Elgetara: Frankie J.B. Duda gabe, mago emankorrena da. Urte asko daramatza ikuskizun berbera egiten eta oraindik ez du gaurkotasunik  galdu; ikuslea oraindik ere txundituta geratzen da. Antzerki obra txikia eta umoretsua da Frankie J.B; beti ere, magia trikimailuak ardatz dituela. Frankestein munstroaren alderdi komikoa erakutsiko du. Mandrakes d'Or saria jaso duen antzerki ikuskizuna da. Domekan, kalera irtengo da, Carro de ilusiones izeneko emanaldiarekin.

Eta nola ez, magia tradizionalaren maisua ere, Charlie Mag, izango da bere usoekin. 20 urteko gaztea da eta sekulako ibilbidea dauka dagoeneko. Numero klasikoaren barruan, magia egiteko erabiltzen dituen elementuak klasikoak dira, "magia" hitza esan eta burura etortzen zaizkigunak. Hala, usoak desagertzen dituen saioa ikusteko aukera izango da berarekin. Mugimendu biziko ikuskizuna da eta, musikaren erritmora, magoak usoak agertuerazi eta desagerraraziko ditu, leku harrigarrietan. Indar bisual handiko ikuskizuna; nazioarteko zazpi sari eskuratu ditu, tartean lehen saria mundu mailako mago gazteen txapelketan.

Eta emakumezko bat tartean: Silvana. Jostun baten istorioa kontatzen du eta oihartzun handia izan du nazioartean benetan originala delako ikuskizuna. Magia trikimailuak antzerkia eta musika oinarri dituen ikuskizuna da Silvana argentinarrarena. Originaltasunaren saria jaso zuen iazko Blackpool-eko, Erresuma Batuko, magia jaialdi entzutetsuan.

Magia kalean

Kalean, herritarren aurrean magia erakustaldia doan egitea klasiko bilakatu da. Aurten, ordea, bigarren ikuskizun bat egingo dute. Hala, domeka eguerdian ez ezik, zapatu arratsaldean ere familia osoarendako ikuskizuna eskainiko du Cuesta Gasteizko magoak, 18:00etan.

Domekan, Silvana eta Brandok, Circus kaleratuko dute, lehen saria jaso berri duena Alemaniako Street Magic Festival jaialdian. "Helburua da magia ikuskizuna bultzatzea. Magia kalean doan bi egunez, herritarren eskura eta herritarrei gerturatzeko asmoz", azpimarratu gura izan dute antolakuntzako kideek.

Egitaraua

Maiatzak 4, barikua

22:30 Magia saioa; 15 euro.

  •  MagoMigue. AluCine ikuskizun berria.

Maiatzak 5, zapatua

22:30 Magia gala; 18 euro.

  •  P-Cubique: Cubic Act, ilusio handiak ikuskizuna.
  •  Enric Magoo: Frankie J.B., magia komikoa.
  •  Charlie Mag: Gala ikuskizuna, magia usoekin.
  •  Silvana: Antzerki magia.

18:00etan kalean, doan.

Maiatzak 6, domeka

13:00 Magia kalean; doan.

  •  Brando eta Silvana: Circus iksukizuna.
  •  Enric Magoo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak