Espainiako ejertzitoak maniobra militarrak egin ditu gaur Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko api. 24a, 12:26

Probokazioa dela adierazi du Oxel Erostarbe alkateak gaur betetzen dira-eta 75 urte tropa frankistek eta euren aliatuek Elgeta bonbardatu zutela. #Intxorta hitz-gakoaren bitartez ari dira gaia jarraitzen twitterren.

Erostarberen esanetan “gertaera ulertezina” da, eta azalpenak eskatuko dituzte. “Goizean goiz hasi gara udaletxean herritarren deiak jasotzen. Militarrak herriko hainbat tokitan ikusi ditugu. Hau probokatzea da!”. Erostarbek gaineratu du militarrak armak soinean dituztela ibili direla herrian, eta hori duela 75 urte hainbat sufritu duen herriarekiko errespetu falta dela. “Egin behar dutena da barkamena eskatu eta ospa egin”, esan du.

Elgetako udaletxean herritarren deien bitartez jaso dute informazioaren arabera militarrak autobusean etorri dira Elorrioko bidean dagoen San Romango bihurguneraino, eta 06:30ak bueltan Kataia inguruan ibili dira. Hurrengo informazioa da 08:15ak aldera Kanpanzar aldera igo direla.

Aldarrikapena Intxortako Atean

Ejertzitoaren maniobren berria izan bezain laster Elgetara egin dute Intxorta 1937 kultur elkarteko kide batzuk. Intxortako Atearen aurrean bandera errepublikarra eta ikurrina zabaldu dituzte, eta gaurko maniobra militarrak salatu dute. “Duela 75 urte Elgetan sartu zen ejertzito berdina da; depuratu gabeko ejertzitoa da. Hauxe da demostrazio garbia”, salatu du Intxorta 1937 kultur elkarteko Juan Ramon Garaik.

Erostarbek gogora ekarri ditu domekan Intxortako Atean egindako ekitaldia, eta azken osoko bilkuran Elgetako udalbatzak aho batez onartutako mozioa. Mozio horretan Espainiako, Alemaniako eta Italiako gobernuei duela 75 urte egindakoagatik barkamena eskatzeko dei egin diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak