Maria Elena Eztenagak plazara aterako ditu liburuak arratsaldean

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko apirilaren 23a

Eztenaga 16:00etarako plazan izango da; Udalak zaharberritu dituen herriko dokumentu historikoak ere ipiniko ditu ikusgai.

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 23 eta Maria Elena Eztenaga udal liburuzainak Herriko Plazan ipiniko du mahaia. Urte osoan herritarrek liburutegira igo behar izaten dute liburu bila, baina gaur ez: liburuak jaitsiko dira Herriko Plazara.

Eztenaga plazan izango da 16:00etarako, eta, bertan, liburutegira iritsi diren azken nobedadeak erakutsiko ditu. Liburuak oparituko dituela ere adierazi du: "Liburuaren Eguna aprobetxatzen dut liburutegian garbiketa moduko bat egiteko. Iristen diren liburu berriei tokia egin behar izaten zaie, eta dagoeneko irakurrita ditugunak opari ematen ditut. Aurten ere badauzkat batzuk", adierazi du.

Ez da, baina, Liburuaren Egunaren ildora liburutegian egingo den ekintza bakarra: eguenean, 30 bat neska-mutikok entzun zuten Izaskun Muxika ipuin kontalariak egindako saioa.

Hiri Gutuna ikusgai

Udalak, bestalde, zaharberrituak izan diren Udal Artxiboko zenbait dokumentu historiko erakutsiko ditu gaur plazan. Eztenagak ipiniko duen mahaiaren ondoan erakusleiho bat egongo da. Bertan, Elgetako Hiri Gutuna, antzinako osoko bilkuren akta liburuak eta material fotografiko ugari egongo dira ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak