"Intxorta eta Elgeta inguruan gorriz bustitako zelai lurrak, ez dituzte gure malkoek garbituko, baina gogor eta tinko jarraituko dugu zuen memoriaren zaindari". Hitz horiexek esan ditu Intxortako frontea jausi zeneko 75. urteurreneko omenaldian, gerrako kaltetuen senitarteko batek, Ainara Totorikaguenak.
Izan ere, martitzenean beteko dira 75 urte tropa frankistak eta haien aliatuak Elgetara sartu zirela, izugarrizko sarraskia eraginez, eta gertaturikoa ez ahazteko helburuarekin, omenaldi ekitaldia egin dute Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 Kultura Elkarteak antolatuta. Bertan izan dira, nola ez, orduko gudarien eta hildako zibilen senideak eta baita elkarte eta erakundeetako ordezkariak ere, besteak beste: Oxel Erostaber Elgetako alkatea, Idoia Mendia Justizia Sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Markel Olano, Joseba Egibar, Aintzane Ezenarro eta Debagoieneko hainbat alkate: Jexux Elortza, Inazio Azkarraga-urizar, Ramon Ajuria eta Ima Beristain. Debagoieneko hainbat zinegotzik ere hartu zuten parte. Bertan egon ziren, baita ere, Elorrioko alkate Ana Otadui eta asko sufritu zuen Bizkaiko herriko alkatea ere, Gernikako alkatea, Jose Mari Gorroño. Aipatzekoa, bereziki, politikariez gain jende asko batu zela Juan Jose Egigurenek egindako Intxortako atean.
Memoria berreskuratzea
Intxortako Atean egin duten ekitaldian, memoria historikoa berreskuratzea ezinbestekoa dela argi adierazi dute guztiek. "Gure herriak jasan zuen genozidioaren benetako dimentsioa behin eta berriz ezeztatu da. Oraindik argitu gabe dago indar frankistek herritar zibilen aurka egindako gehiegikeriak. Horregatik denon artean faxismoaren biktima guztiei aurpegia eta izena jartzea dugu helburu. 12.300 izen ditugu eta 850 aurpegi. Lagundu iezaguzu isilean gordetako historia osatzen", eskatu du Julia Monje Intxorta 1937 Kultura Elkarteko kideak.
Memoria osatzeko laguntzaz gain, kalte-ordainak ere eskatu dituzte. "75 urteren ostean, ez du inork egindakoagatik barkamenik eskatu. Gertatutakoaren egia ezagutzea, genozidio hura egin zutenak justizia aurrera eramatea eta erakunde publikoek kalte-ordainak ezartzea izango litzateke gudariendako eta euren senitartekoendako omenaldirik onena", adierazi du Oxel Erostarbek.
Idoia Mendiak, ildo beretik, gertaturikoa zehaztasun historikoarekin oroitzeko erronka dugula esan du eta gaineratu: "Ez da lan erraza. Falta direnen minak, sufrimenduak eta saminak oraindik ere toki handia baitaukate gure etxeetan, baina saiatzeak merezi duela uste dut".
Martin Garitanok, bestalde, denon artean, ezer ahaztu gabe, Intxortako frontea demokraziaren, askatasunaren eta bakearen frontea bilakatuko dugula zehaztu du.
Plaka berria
Intxortako Atean, gudari eta milizianoen balentria oroitarazteko dagoen plaka apurtuta egon da eta berria inauguratu dute gaur. Plaka estaltzen zuen ikurriña kendu zuen Patxi Basaurik, Elgetako Turismo zinegotziak. Plaka hau Jaurlalritzak jarri zuen eta luzaroan egon da apurtuta. Orain, Elgetako Udalak plaka berria jarri du hainbat hizkuntzatan.
Lore eskaintza
Behin ekitaldia amaitu ostean, Salbadorko ermitara egin dute ibilaldia. Bertan, fusilatuak oroitzen dituen monumentuan aurreskua dantzatu dute Bergarako Abarka taldeko Haritz eta Josunek. Ondoren Bittor Garaik inongo diru-laguntza barik egindako oroigarrian egin da lore eskaintza. Handik, Elgetara jaitsi dira Andoaingo Banda Errepublikarrak jotako doinuekin. Omenaldiari amaiera emateko bazkaria izan dute Elgetako Espaloia Kafe Antzokian eta 100 lagun inguru batu dira bazkaltzera.