Liburu mardula da: ia 500 orrialde ditu, 47 kapitulu, 70 argazki baino gehiago eta plano ugari. Gaztelerazko liburua da, hitzaurrea salbu; Pablo Beldarrainena da eta hori euskaraz ere badago. 22 eurotan jarri dute salgai; Intxorta 1937 kultur elkarteko Juan Ramon Garaik azaldu duenez, ez dute inolako dirulaguntzarik jaso.
Elkarte bereko Jon Etxezarragak adierazi du Beldarrainek idatzitakoek egunen baten argia ikustea zela haren nahia eta horretan ahalegindu direla. "Familiarentzako ateratako liburuaren kopia bat eskuratu genuenetik, kontsultarako erreferentzia bat izan da beti guretzat, eta aspaldi argia ikusi beharko lukeen lehen eskuko narrazioa".
Aranzadi elkarteko lehendakari Pako Etxebarriak, bere aldetik, zoriondu egin ditu egindako lanagatik, eta horrelakoak eta Pablo Beldarrainen familiak berak aurkitutako hezurrei haragia ipintzea suposatzen dutela gaineratu: "Guzti honek suposatzen du aurkitutako hezurdurei –guk askotan bata zuria jantzita, informe teknikoak eginez, ANDa atereaz eta modu hotzean deskribatzen ditugun hezur horiei– haragia ipintzea.
Gerriko-belarriak
Etxebarriak indusketetan, gudarien petrinetan, aurkitutako gerriko-belarriei buruz ere hitz egin du. 1936ko Eusko Jaurlaritzako anagramadun gudarien gerriko-belarrien latoizko kopia zehatzak erakutsi ditu; horietako bi faxistek fusilatutako bi gudarien petrinetan agertu ziren Elgetan, 2004ko ekainean gorpuak lurpetik ateratakoan.
Omenaldia domekan
Bukatzeko, domekan –hilak 22–, Elgeta hartu zuteneko 75. urteurrena gogoratzeko egingo duten ekitaldirako gonbidapena luzatu du Juan Ramon Garaik.