Gerrako memoria eta kalte-ordaina eskatuko dituzte domekan

Leire Kortabarria 2012ko apirilaren 19a

Domekan, 1936ko gerran euskal erresistentziaren ikurretako bat, Intxortako frontea jausi zeneko 75 urteak gogoratuko dituzte Elgetan.

Hain zuzen, 1937ko apirilaren 24an desegin zen frontea, eta tropa frankistak eta haien aliatuenak Elgetara sartu ziren, errepresio gogorra eta sekulako sarraskiak eginez.

Gertakari haren memoria historikoa berreskuratzeko ekitaldia egingo dute Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, eta Debagoieneko alkate gehienek eguaztenerako baieztatuta zuten han izango direla. Eibarko Udaleko ordezkari bat ere joango da, eta gonbidatuta daude ere Gernikako eta Durangoko udalak, besteak beste. Ekitaldian izango dira ere Idoia Mendia, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, eta Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; EAJ alderdiak ere baieztatu du joango dela; eta egun hauetan dabiltza gonbidapenari erantzuten sindikatuak, memoria historikoaren inguruko elkarteak eta beste guztiak. Elgetako Udalak 70 bat gonbidapen bidali ditu, eta bazkaritara 70 pasa lagun eta "omenaldirako, gehiago" batuko direla kalkulatzen du.

Omenaldira dei egin diete ere, nola ez, "gerran zehar hildakoen senideei, baita hain era heroikoan Elgetako sektorean aritutakoei".

Fronte estrategikoa 

Gerran, Espainiako II. Errepublikaren kontra altxatutakoen garaipenaren beste kapitulu bat izan zen hura; haren aurretik, Debagoieneko herri guztiak, bata bestearen atzetik, hartuta zituzten faxistek. 

Elgetako frontea estrategikoa zen Euskal Herria defenditzeko, eta hortik zetorren kolpistek hura gainditu nahi izatea. Hala, kolpistek martxoaren 31n hasi zuten Bizkaiko erasoa, baina ekainaren 19ra arte ez zuten lortu Bilbora sartzea, Elgetako fronteak bidea ixten zielako. Apirilaren 24an eta 25ean, Elgeta suntsitu zuten eta Bizkaira jarraitu zuten, makina bat bonbardaketa eginez; Gernika, adibidez, apirilaren 26an bonbardatu zuten.

Hori guztia gogora ekartzeko balioko du etziko ekitaldiak, eta baita "zauriak ixteko" ere, Intxorta 1937 elkarteko Juan Ramon Garaik Magazinea-n esan duenez: "Memoria historikoa ezinbestekoa da, egia, justizia eta kalte-ordaina ez direlako bete. Askatasunez bizi izateko, oraina ulertzeko, beharrezkoa da iragana ezagutzea". 

Bestalde, antolatzaileek esaten dutenez, "gogorrena da, 75 urte pasatu eta gero, oraindik inork barkamenik eskatu ez izana".

Buruzagi zibilak 

Hasieratik eta gerrak iraun zuen bitartean, kolpistak militar profesionalak ziren; gainera, Espainiako matxinatuek Italiako, Alemaniako eta Marokoko faxisten laguntza jaso zuten, eta hala izan zen Elgetan. Aldiz, II. Errepublika defenditzen ziharduten gudari eta milizianoen buruzagiak "zibilak ziren: Felipe Bediaga, Pablo Ugarte, Segundo Olazagoitia, Patxo Gorritxo, Felix Casero, Pablo Beldarrain…", gogoratzen dute antolatzaileek.

Hain zuzen ere, Pablo Beldarrainek idatzitako Historia crítica de la guerra en Euskadi (1936-1937) liburua aurkeztu zuten atzo, eguena, Espaloian, eta han izan ziren Beldarrainen senideak. Liburu osoa lehenengo aldiz argitaratzen da, izan ere, orain arte bi kapitulu bakarrik argitaratu izan dira, 80ko hamarkadan. Intxorta 1937 elkarteko Juan Ramon Garaik liburu horren garrantzia azpimarratu du: "Objektibitate osoz idatzita dago; Beldarrainek onartzen ditu ondo eta gaizki egindakoak. Baina ez hori bakarrik: 20 urte baino gehiago ibili zen liburua idazten". 27 plano batzen ditu liburuak, "denak berak eskuz eginda; hau da, oso ondo ezagutzen zuen zer gertatu zen, mendiz mendi, kotaz kota…". 

Pablo Beldarrain bera bilbotarra zen, eta zibila. "Abertzalea zen, eta Euskalduna lantegian peritoa. Gerra hasi zenean, Abandoko batzokira joan zen eta bertan hasi zen, miliziano hasten zirenei fusila zelan oratu erakusten", kontatzen du Juan Ramon Garaik.

Elgetan zeresan handia izan zuen: "Irail bukaeran Kanpanzarko frontera etorri zen; gero, Ubideara joan zen, eta martxo erdian etorri zen Elgetara. Martiartuko komandantea izan zen", borobiltzen du Garaik.

Behin eta berriz, porrot 

Beldarrainek eta bera bezalako beste zibil askok egindako defentsari esker, Intxortako fronteak  1936ko irailetik 1937ko apirilera arte iraun zuen. 

Gudariak Gernikako Arbola aurrean. (Bergarako Udal Artxiboa/Toribio Jauregi Fondoa. Egilea: Toribio Jauregi).

1936ko urriaren 4an, Molak izan zuen lehenengo porrota, ezin izan zuen-eta Intxortako lubakia gainditu. Handik zazpi hilabetera, etorri zen bere tropa, baina "munduko faxista guztien laguntzarekin: alemanak, italiarrak, mairuak… eta bere indar guztiarekin, Elgeta hartzeko asmoaz", esaten du Juan Ramon Garaik. Baina 20an, lubakia txikitu eta gero, ezin izan zuen berriz ere hura hartu; hau da, bigarren aldiz porrot egin zuen. Apirilaren 23an, berriz, indarberrituta bueltatu zen: "Lehenengo, bonbardaketak egin zituen, 100 eta 200 kiloko bonbekin, herria txikitu arte, eta berriz ere Molaren tropen porrotarekin bukatu zen". 

Baina azkenean, hilaren 24an, Elgetako frontean zeuden gudari eta milizianoek, ikusita Elorrio jausita zegoela, utzi egin zituzten lubakiak. Hortik aurrera, Elgetak "gerraren aurpegi bortitzena jasan zuten: atxiloketak, fusilamenduak, sorgin-ehiza, emakumeekiko errepresio basatia, bortxaketak…"

Bergararrei izen-abizenak 

Memoria historikoa berreskuratzeko bidean ere, eta domekako ekitaldiarekin lotuta, gerrak Bergaran izan zuen eraginaren inguruko argazki erakusketak arrakasta handia izan du orain arte, eta oraindik apirilaren 29ra arte dago berau bisitatzeko aukera. Joan den astea bukatuta, 1.500 bisitari izan ditu dagoeneko Bergarako Aroztegi aretoan dagoen erakusketa horrek. 

Jendea "Bergara 1936" erakusketa ikusten.

Toribio Jauregik Leica kamera batekin egindako argazkiak dira, eta luzaroan ganbara baten egon ziren. 1936ko uztail eta abuztuan hasi zen Jauregi argazki horiek ateratzen, batez ere milizianoei; eta, Bergara jausi eta gero, indar faxistei: hala, gaur egun edozein zur eta lur uzteko moduko argazki baten, nazien tankeak Bergarako plazan agertzen dira. 

Baina protagonista nagusiak herritarrak dira, izan ere, argazkietako gudari eta milizianoei izen-abizenak ipintzeko bergararren laguntza eskatu zuten antolatzaileek. Horrek ere erantzun bikaina izan du: Juan Ramon Garairen esanetan, "bergarar asko aita, aitaita… ezagutzen dabiltza, eta dagoeneko izen asko ipini ahal izan dira".

Intxorta 1937 ekitaldia

10:30 Harrera Espaloia Kafe Antzokian.

12:00 Omenaldia Intxortako Atean; eguraldi txarra bada, Espaloian.

 Salbadorrera martxa, eta lore eskaintza zibilen fusilamenduak oroitzen dituen monumentuan.

 Andoaingo Banda Errepublikarrarekin Elgetara jaitsiko dira gero.

14:30 Bazkaria Espaloian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak