Aralarreko berme-batzordeak Ezenarro, Basabe eta Erostarbe alderditik kanporatzea proposatu du

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 18a

'El Pais' egunkariak jaso du albistea eta, horren arabera, alderdiko berme-batzordeak zigor maximoa planteatzen du hiru parlamentarientzat: afiliatu izateari lagatzea eta militantzia uztea.

Aralarreko berme-batzordeak alderdiaren estatutuek jasotzen duten zigor gorena ezarri gura die Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Elgetako Oxel Erostarbe parlamentariei: Aralarretik kanporatzea. El Pais-ek dioenez, alderdiko militante eta kide izateari uztea proposatzen du, egindako arau-urratzearengatik; diziplinazko espedientearen bideratzaileak "oso larritzat" jo du egindako arau-haustea, egunkari horren arabera.

El Pais-en arabera, berme-batzordeak idatzizko jakinarazpena bidali die hiru parlamentariei, esanez zuzendaritzatik esandakoaren kontra Legebiltzarreko bake ponentzia babestu izanak eta, ostean, karguak alderdiaren eskuetan uzteari uko egin izanak zigor maximoa merezi dutela: Aralarretik botatzea.

Zuzendaritzak izango du azken hitza

Egunkari horren arabera, Ezenarro, Basabe eta Erostarbek apirilaren 13an jaso zuten jakinarazpen ofiziala eta 15 eguneko epea dute errekurtsoa aurkezteko. Alderdiko zuzendaritzak izango du azken hitza; berme-batzordearen proposamena aintzat hartzen badu, Ezenarro, Basabe eta Erostarbe alderditik kanporatuak izango dira, baina Legebiltzarreko aulkiak mantendu ahalko dituzte talde propioa osatuz legegintzaldia agortu arte. Oxel Erostarberen kasuan, parlamentaria ez ezik Elgetako alkatea ere bada.

Erostarbek ez du adierazpenik egin nahi izan ezta zuzendaritzak ere. Azken honetatik adierazi digutenez, eurek eskatuta abiarazi zuen berme-batzordeak ekinbide hau –barne-araudia edo estatuturen bat urratu zuten ikertzeko– baina berme-batzordea organo independentea da eta zuzendaritzak ez du zertan ezagutu gaur El Pais-ek publiko egin duen dokumentua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak