Aralarreko Hegoaldeko Batzordeak erabaki bat hartu du, aho batez, eta eurei bidali.
Erabakia, hitzez hitz:
- "Hegoaldeko zuzendaritzak berretsi egiten ditu orain arte jakinarazi dizkizuen ebazpenak, besteak beste ez zela onargarria bazterketarik gabe espresuki ez dioen ponentziari baietza ematea, eta hori gertatu ondoren zuen karguak alderdiaren esku utzi beharra. Hegoaldeko zuzendaritzak adierazten du, Aralarren oinarrizko balioa eta printzipioa dela eta izan dela beti, salbuespenik gabeko elkarrizketaren defentsa irmoa. Printzipio hori hautsita geratu da ponentziaren aldaketa eta murrizketa onartzearekin. Gainera, zuzendaritzak zehazki esandakoaren kontra bozka ematea, alderdiaren barne arauak larriki hausten dituen jokabidea da.
- Martxoak 30az geroztik, Aralarreko zuzendaritzak egin dizkizuen eskaerei eta bilera proposamenei ez diezue men egin. Gainera, komunikabideen medioz jakin dugu, alderdiaren erabakiaren kontrako jarreran mantentzen zaretela. Jokabide horrek urratu ditu, alde batetik Aralarren oinarri ideologikoak eta politikoak, eta bestetik estatutuen 18. eta 61. artikuluetan argi eta garbi ezarritakoa. Zuek zeuek jarri zarete alderditik kanpo, eta ez dituzue aintzat hartu, elkarrizketarako deiera errepikatuak, azkenekoa gaur bertarakoa.
- Beraz, Aralarren zuzendaritzak jakinarazten dizue:
- Aralarrek berretsi egiten du Bakearen, Normalkuntza Politikoaren eta elkartasun sozialaren alde jokatzeko asmoa, beti balioak eta printzipioak edozein taktika eta konbenientziaren gainetik jarrita.
- Alderditik kanpo jarri zarete; autoesklusioz. Dena dela, berme batzordeari eskatu diogu azterketa egin dezan, ea estatutuen 18.5, 18.6, 61. 10 eta 61.11 puntuak urratu dituzuen zuen jokabidearekin.
- Ondorioz, berretsi egiten dugu, lehen egindako eskaera, hain zuzen ere, alderdiaren esku karguak utzi behar dituzuela, luzapenik gabe".