Elgetarrei ere etxean konposta egiteko deia

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko apirilaren 3a

Konpostagailuak doan banatuko dituzte, eta ikastaroak ere eskainiko dituzte.

Aurreko astean izan dugu Elgetan Hondakin gutxiago, ongizate gehiago izeneko erakusketa ikusgai. Sortzen dugun hondakin kopurua txikitu aldera etxean bertan konposta egiteko deia luzatzen du orain Debagoieneko mankomunitateak. 

Etxean konpostagailua ipintzeko lurzoro bat behar da, eta noski, konposta egiten ikastea baina erraza da. Hondakin organikoak dira konpostagailura bota behar direnak.

Orain arteko kanpainetan etxean konpostagailua ipintzeak ez zuen etekin ekonomikorik ekartzen. Aurrerantzean, ordea, etxean konposta egiten duten debagoiendarrek beherapena izango dute zaborraren tasan.

Zaborren kuota merkeago

"Bilketa zerbitzura gehitzen ez diren hondakinek gasturik sortzen ez dutenez, autokonpostatzea egiten edo egingo duzuenok bonifikazioa izango duzue zuen zaborren tasetan", adierazi dute mankomunitatetik.

Bonifikazioaz gain, autokonpostatzeko konpromisoa hartzen dutenei konpostatzea zertan datzan eta nola egiten den azaltzeko ikastaroa, konpostatzeko gida, konpostagailua, eta hondakinak batzeko eta garraiatzeko edukiontzi bana jasoko dituzte doan.

Konpostagailua eskatzeko

Etxean edo auzokideen artean konpostagailua ipini nahi izanez gero eskaera bideratu behar da mankomunitatera. Eskaera-orria www.debagoiena.com/Ingurumena/Autokonposta helbidean aurkituko duzue. Beste aukera da mankomunitatera deitzea; 943 79 33 99 zenbakira, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak