"Gasteizko Legebiltzarrean sortu duten ponentziak ez ditu betetzen Aralarrek beti aitortu eta defendatu dituen xede eta helburu politikoak eta demokratikoak, esandako leloetan adierazten diren bezala. Uste dugu hutsegite politiko handia ez ezik abian dagoen bakegintza eta normalkuntza politikoarentzat kaltegarri dela eta etika politikoarekin ez datorrela bat. Bakegintza eta normalkuntza politikoa izan dira Aralarrentzat izateko eskubidea, eta hartutako erabakiak desitxuratu, trakestu eta kaltetu egiten ditu bakea eta normalkuntza politikoa".
(…)
"Horregatik, deitoratu egiten dugu saminki gaurkoan Aralarreko zerrendetan aukeratutako hiru legebiltzarkidek bozkatu dutena eta egin dutena Gasteizko Legebiltzarrean. Horiexek dira Aralarko Hegoaldeko zuzendaritzak atzo, egubakoitza, eman zituen arrazoiak Oxel Erostarbe, Aintzane Ezenarro eta Mikel Basabe legebiltzarkideen kargu uztea eskatzeko".
Aurka Aralar, EA eta UPD
Izan ere, Eusko Legebiltzarrak bakerako eta elkarbizitzarako lantaldea osatzea erabaki zuen EAJ, PSE, PP, Ezker Anitza eta Aralarren hiru legebiltzarkide horien babesarekin. Aurkako botoak eman zituen, berriz, Dani Maeztu aralarkideak, alderdiko zuzendaritzak agindutakoari jarraituta eta Maezturekin batera, EAk eta UPDk ere kontrako botoa eman dute: denera, aldeko 70 boto izan ziren, eta aurkako hiru. Eusko Alkartasunaren ustez, labur esanda, lantaldeak handiak ditu eta hankamotz jaioko da.