Udalak egiletza onartzeko eta jendaurreko barkamena eskatu dizkie Espainiako, Alemaniako eta Italiako gobernuei

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko martxoaren 28a

Apirilaren 24an beteko dira 75 urte Elgetako frontea jausi zela; aho batez onartutako mozioan egin du eskaera Udalak.

1937ko apirilaren 24a eta 25a amesgaizto ahaztezina izan dira urteetan elgetar askorendako; frontea jausi, tropa frankistak Elgetan sartu, eta sekulako sarraskiak egin zituzten herrian —bortxaketak, hilketak...—. Laster beteko dira 75 urte, eta denbora honetan guztian ez du inork ez damurik erakutsi ez barkamenik eskatu. 

Eskaera zuzena

Elgetako udalbatzak eskaera zuzena egin die Espainiar, Alemaniar eta Italiar gobernuei;  "erantzukizuna eta egiletza onar dezaten", eta "Elgetako herritarrei jendaurreko barkamena eska diezaieten". Eskaera hori egitea aho batez onartu du udalbatzak atzo, martitzena, egindako osokoan. Alemaniak Gernikan egin moduan egileek Elgetan ere jendaurreko barkamena egitea eskatu du Udalak.

Idatzi batean Udalak bere desadostasuna agertu du gerrako biktimek izandako tratamenduarekin, eta egia isilarazteko frankismotik gaur egun arte nagusi izan den isiltasunaren aurrean. Bestalde, eskerrak ematen dizkie "gogoz eta behartuta Elgeta garbitzen eta berreraikitzen lagundu zuten guztiei, bereziki lan batailoietako kideei, eta esklabo gisa erabili zituzten preso errepublikazaleei".

Ekitaldia apirilaren 22an

Urteurren seinalatua ez da Elgetan oharkabean pasako. Udalak apirilaren 22rako iragarri du ekitaldi nagusia eta biktimen senitartekoak eta herritarrez gain Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko zein memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduten elkarteen ordezkariak ekitaldi horretan egotea eskatu du.
Bisitak domeka oro
Apirilean, bestalde, domeka oro egingo dituzte gidatutako bisitak Intxortako lubakien gunera. Ohikoa den moduan 10:00etan abiatuko dira bisitok Espaloiko Interpretazio Gunetik. Interesatuek 943 79 64 63 edo 943 71 89 11 telefono zenbakietara deitu behar dute, edo turismo@elgeta.net helbidera idatzi.

Lubakiak auzolanean

Eta biharko, martxoak 31, lubakien gunea auzolanean txukuntzeko dei egin du Udalak. Garbiketa lanak egingo dituzte, eta lubakien eremuan apurtuta dauden zakuak aldatuko dituzte. Taldea 09:00etan abiatuko da Asentziorantz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak