Debagoieneko mankomunitateak zaborren kudeaketaren inguruan antolatutako erakusketa ibiltaria Elgetara iritsiko da gaur, astelehena. Urtarrilean hasi zuen bere ibilbidea Oñatin, eta bailarako gainerako herrietan izan ondoren aste osoan zehar egongo da ikusgai Elgetan. Gure herrian amaituko du, gainera, Debagoieneko bere ibilbidea.
Hondakinen sorreraren inguruko sentsibilizazioa du erakusketak helburu. Oso bisuala da; argazkiak, irudiak eta mezuak erraz ulertzeko bideo motzak osatzen dute. Ikus-entzunezko horietan erakundeek bultzatzen dituzten ekimenak aurkezten dira baita hondakin gutxiago sortzera bideratutako ekintzak ere. Zazpi ataletan banatzen da erakusketa, eta bakoitzean prebentzioaren eta berrerabilpenaren alderdi bat lantzen da. Zazpi bloke tematikoak dira: ur zirkuituak, diseinuzko tratamenduak, kontrasteen eremua, terapia miragarriak, berpiztua irteteko formulak, hondakinterapia, eta azken zirkuitua.
Bisita gidatua eguaztenean
Erakusketa Espaloiko eszenatokian dago eta egunero egongo da ikusgai. Mankomunitateak, dena den, bisita gidatu bat antolatu du Elgetan. Eguaztenean, hilak 28, egingo dute 19:00etan hasita. Hala, erakusketa modu gidatuan ikusi ahal izateko nahikoa izango da esandako orduan agertzea, aldez aurretik izena edo beste abisurik eman barik. Bisita horretan ikasiko dugu, besteak beste, iturriko ura edateak botilako ura edateak baino hondakin gutxiago sortzen duela, janaria ez dela zaborra, eta ez zikintzea hobea dela garbitu beharra izatea baino.