Fraideen etxeko fatxadan zegoen Jesusen Bihotza onik jaitsi dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko martxoaren 22a

Bi eskuak eta basea apurtuta dauzka, gainerakoan egoera nahiko onean dago.

Aurreko astean jaitsi zuten irudia. Harrizkoa da eta pisu handia da; tamainaz, 60 bat zentimetro ditu.
Eskumako eskua falta du, ezkerrekoa apurtuta dauka eta basea zartatuta dago, baina kontuan izanda urte asko egin dituela Domingo Iturbek egindako eraikinaren fatxadan egoera onean dagoela esan daiteke. Orain, Domingo Iturbe Patronatuko kideek erabaki beharko dute irudiarekin zer egin.

Azaroan egindako eskaera

Azaroan egindako batzar batean galdetu zuen Mari Carmen Etxebarriak fraideen etxeko fatxadako irudiarekin zein asmo zegoen. Osorik jaisteko aukerarik egonez gero, saiatzeko eskatu zuen. "Zorte handia izan dugu. Irudiaren parean, horman ezkutatuta, zabaldu zitekeen egurrezko irekidura bat agertu da. Hala, kanpotik jaitsi beharrean barrutik jaitsi ahal izan dute", adierazi du elgetarrak.

Irudiaren etorkizunari buruz galdetuta ez dakiela dio. "Hori Patronatua osatzen duten kideek erabakiko dute". Etxebarriak, dena den, gogoan du nola Maalako ermita bota zenean amabirjinaren irudia berreskuratzea lortu zen. "Konpontzea erabaki zen orduan, eta irudi hori orain parrokian dago ikusgai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak