Aurreko agintaldi amaieran Diputaziotik garraio zerbitzuaren inguruan iragarritako berrikuntzak ez ziren sekula gauzatu. Egungo Diputazioko arduradunek gaia aztertzeko denbora eskatu zuten, eta udal arduradunekin berriki egindako bileran adierazi zuten Elgeta moduko herriendako Taxibus zerbitzuaren aldeko apustua egiten dutela. Hala, herritarren beharrak zeintzuk diren zehazteko eskatu zioten Elgetako Udalari.
Ahalegin horretan, inkesta eta batzar irekia egin ditu Udalak. Hamar lagunek bete dute inkesta, eta sei herritarrek hartu zuten parte eguaztenean egindako batzar irekian.
15 zerbitzu egunean
Elgetako Udalak lehentasunezkotzat jotzen du Bergararekin eta Eibarrekin loturak indartzea. Hala, egunean 15 taxibus zerbitzu ipintzeko eskaera luzatuko dio Aldundiari; zortzi konexio Bergararekin eta zazpi Eibarrekin.
Taxi batek emango luke zerbitzua, baina Udalak eta Aldundiak aurrez adostutako ordutegian. Prezioa, bidaiariarendako Lurraldebus zerbitzuarena izango litzake. Berezitasun nabarmenena da zerbitzua aurrez eskatu behar duela erabiltzaileak; aurreko egunean deitu beharko du erreserba egiteko, eta ezinbestekoa izango da Lurraldebus txartelaren zenbakia ematea. Egindako erreserba kopuruaren arabera, taxi bakarra edo bat baino gehiago etorriko dira. Hori bai, erreserbarik ez badago, taxiak ez du zerbitzua egingo; hau da, ez du hutsik bidaiatuko.
Taxibus zerbitzua martxan da, esaterako, Aizarnazabal eta ondo funtzionatzen duela diote Aldunditik. "Elgetan epe ertaineko apustua izan behar duela uste dugu", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak. "Pentsatzen dugu denbora bat behar dela zerbitzua eskaintzen hasi, eta herritarrek erabiltzeko ohitura hartu bitartean". Urtebeteko epea aipatu zuen batzarrean Erostarbek.
Udalak ordutegi proposamen bat aurkeztu zuen batzarrean, eta horri eskaera bat gehitu zitzaion; zapatuetan, 21:30ean, Bergaratik igotzeko zerbitzu bat, alegia. "Bergarara jaisten diren gazteek ez dute autobusik igotzeko; sarri joan behar izaten dugu bila", esan zuen guraso batek.
Erabiltzaile gutxi momentuz
"Elgetak garraio zerbitzu gutxi ditu, baina esan beharra dago dauden zerbitzuetan erabiltzaile oso gutxi daudela", adierazi zuen kezkaz alkateak. Esan zuenez hilean, bataz beste, 43 lagunek erabiltzen dute garraio publikoa Elgetan. "Azaroan 31 bidaiari izan ziren, abenduan 45, urtarrilean 45, eta otsailean 51". Onartu zuen eskaintza izan daitekeela erabilera eskasaren arrazoietako bat, baina azpimarratu zuen gauza bat dela zerbitzua eskatzea, eta beste bat erabiltzea. Udalak orain Aldundiari helaraziko dio landutako proposamena.