"Jakin dugu apiriletik aurrera gaztelekua itxita egongo dela. Ez dago dirurik, eta erabaki dute udaberrian ez dugula gaztelekuaren beharrik. Baina hori ez da horrela. Gu oso gustura joaten gara gaztelekura. Horregatik, eta gaztelekua ez ixtea lortzeko, kartelak ipini ditugu kalean. Gure ideia izan da. Gutun bat ere idatzi diogu Oxel Erostarbe alkateari. Bilera eskatu diogu; gurekin biltzea nahi dugu, ez gure gurasoekin".
Nerabeen aldarria gurasoekin bi batzar ireki egin ostean Udalak hartutako erabakiaren haritik dator. Maiatzari eta ekainari begira zerbitzua beste modu batera planteatu behar dela ere adostu zuten alde biek.
Jolasteko eta ikasteko
Gaztelekuan elkarrekin jolasteko, pelikulak ikusteko eta tailerrak egiteko aukera dutela azaltzen dute gazteek. "Txikiek parkeak dituzte; gu parkean aspertu egiten gara", diote. Adin askotarikoak eta neskak zein mutilak elkartzen direla diote. Egindako lip duba, film laburren tailerra, sexualitate tailerra eta Martxoaren 8ko ekintza ipini dituzte adibide gisa. "Badakigu udaberrirako ekintza ezberdinak egitea dutela buruan, eta ideia ona da. Baina noizbehinka egitea planteatzen dute, eta ez aste bukaera guztietan. Egia da batzuetan kalean egotea nahiago dugula, baina gaztelekuak oso ordutegi ona du. Kalean apur bat egon, eta gero gaztelekura joaten gara".
Bilera gaztelekuan
Oxel Erostarbe alkateak datorren barikurako, martxoak 23, deitu du gazte eta nerabeendako batzar irekia. "Gazteak etorri dira bilera eske, eta aurreratu diegu prest gaudela eurekin elkartzeko. Gainera, guk ere entzun egin nahi ditugu, eta Udalaren proposamena Udalaren ahotik jasotzea", adierazi du.
Alkateak gaineratu du ulertzen duela gazteek gaztelekua urte osoan zabalik egotea nahi izatea, baina Udalaren proposamena beste bat dela: "Zazpi hilabete zabalik egotea eta beste hiru hilabetean ekintza puntualak egitea". Erostarbek gehiago esan du: "Momentu honetan erabakita daukaguna apirilean gazteleku zerbitzurik ez ematea da, eta denbora horretan maiatzerako eta ekainerako ekintzak lantzea. Herritarrekin egindako batzar irekietan hartu genuen zaintza zerbitzua gura duten gurasoekin eta gaztelekuko erabiltzaileekin lehenbailehen egoteko, eta hurrengo astean guztiekin egoten saiatuko gara". Udal ordezkariak hurrengo barikuan, martxoak 23, joango dira gaztelekura bertako erabiltzaileekin 18:00etan batzarra egiteko.