Astelehenetik martitzenerako gauean gertatu zen lapurreta saiakera Idoia Iriarte odontologoak Torrealdean duen hortz-klinikan. Kontsulta nahasia, eta leiho bateko kristala apurtuta aurkitu zituzten atzo, martitzena.
"Badirudi leihoa indarrez zabaltzen saiatu zirela, eta ez zutenez lortu azkenean kristala apurtuta sartu ziren", esan du kontsultako erizainak. Susto handia izan dela adierazi dute, baina lapurrek ez dutela ezer eraman. "Ez dakigu zeren bila sartuko ziren baina ez dugu sekula ezer uzten; ez dirurik ez inplanterik ez ezer. Faltan bota dugun gauza bakarra dutxako kanila da, baina ez dut uste horren bila sartuko zirenik".
Salaketa ipini du Iriartek eta ertzainek atzo arratsaldean egin zituzten lehen miaketa lanak. Hatz-markak aurkitzen ere saiatu ziren.