Mendi buelta, herri bazkaria eta kontzertuak antolatu ditu Elgetako gazte asanbladak gaztetxearen XVI. urteurrena ospatzeko. Intxortara mendi buelta eginez emango diete hasiera ospakizunei. Hamarretakoa ere egingo dute.
Eguerdirako bueltan izango dira eta poteoa iragarri du gazte asanbladak; trikitilariekin batera egingo dutela jakinarazi dute.
Bazkaria eta jokoak
Aurtengoan ere herri bazkaria antolatu dute gaztetxekoek. Bertsoak eta kantu saioa egongo dira bazkalosteko jokoei hasiera eman aurretik. Karta jokoan, mahai-tenisean eta hirunako futbol txapelketan emango dute arratsaldea. Gauean kontzertua egongo da gaztetxean; EZ! taldea gonbidatu du gazte asanbladak Elgetara.