"Ulergaitza suertatzen zaigu herritarrei zerbitzuak murrizteko proposamena mahai-gainean jartzea, Udalak beste arlo batzuetan murrizteko aukera daukala jakin dakigunean", esan dute asteon Bilduko ordezkariek.
Bi batzorde-burutzak uzteko erabakia otsaileko Ogasun batzordean Aralarrek aurkeztutako murrizketa proposamenaren haritik datorrela azaldu dute. Bertan, Foru Funtseko dirua bueltatzeko 2012ko aurrekontutik 52.758 euroko murrizketa egin behar zela azaldu zitzaien, baita murrizketa proposamen bat aurkeztu ere.
Proposamen horrek Bilduri onartezinak egin zitzaizkion zenbait murrizketa jasotzen zituen, hala nola UEMAtik irtetea (5.907 euro), urritik abendura arteko kirol zerbitzua murriztea (5.549 euro) eta herriko mendien mantenurako diru-lerroa kentzea (2.000 euro). "Proposamen hori plenoan aurkeztuko zela esan zuten, onartua izateko, eta Aralarren eta EAJren oniritzia jaso zuen", dio Bilduk.
Bilduren proposamena
Foru Funtsari aurre egiteko Asentzioko proiektua, oraingoz, alde batera uzteko proposamena egin zuen Bilduk. "Egia da, bai, helduko den dirulaguntza 168.000 eurokoa dela, baina kopuru horrekin itsutu beharrean beste zifra bat azaldu gura genuke: 65.000 euro. Hori da Elgetako Udalarendako proiektu horrek suposatuko leukena", azaldu dute. "Gerrikoa Udalak estutu ahal duenean herritarren zerbitzuei estutzea kapritxotsua izatea deitzen diogu". Udal Gobernuak ematen dien konfiantza gutxienera ere heltzen ez dela ikusita, batzorde-burutzak uztea erabaki dutela jakinarazi dute.
Ulertu ez, errespetatu bai
Bilduren adierazpenen aurrean Oxel Erostarbe alkateak aurreko astean esandakoa errepikatu du; "Ulertu ez arren, errespetatzen dugu Bilduren erabakia". Erostarbek azaldu du krisi egoera dela-eta 2012ko aurrekontuak onartu zituztenean zeuzkaten aurreikuspen batzuk aldatu egin direla, eta murrizketak egin beharko direla. Oraindik, baina, Udalak ez duela murrizketa horien inguruan erabakirik hartu esan du. "Bilduk erabakia hartu aurretik utzi ditu bi batzorde-burutzak".