Jendetsua izango da domeka Elgetan. Euskal Mendizale Federazioak Ibiltarien jaia egingo du eta bi mendi irteera iragarri dituzte; luzea 08:00etan abiatuko da kiroldegitik, eta motza 09:15ean Kanpanzarretik. Udaletxetik jakinarazi dutenez 200 lagunetik gora daude dagoeneko irteera horietan parte hartzeko izena emanda.
Mendi irteerak amaitutakoan, 14:15ean, iraupen luzeko ibilaldien 10. zirkuituko sariak banatuko ditu federazioak Espaloian. Ondotik bazkaria egingo dute.
Bihar, martxoak 8, amaitzen da bai mendi irteeran bai bazkarian —prezioa 20 euro da— izena emateko epea. Interesatuek Elgetako udaletxera jo behar dute; 943 76 80 22 edo turismoa@elgeta.net.
Ibilbide tematikoa
Ibiltarien jaiarekin batera bisita gidatu jendetsa izango dugu Elgetan. Zumarraga-Urretxuko gaztetxetik 40 laguneko taldea dator Intxortako ibilbide tematikoa ezagutzera. Taldea 10:00etan abiatuko da kafe antzokiko interpretazio gunetik.