Nola oroitzen dituzu garai haiek?
Nahiko nekezak izan ziren. Izan ere, diktadura hurbil zegoen oraindik eta guri egokitu zitzaigun demokraziarako pausoa ematea. Beraz, garai zailak bizi izan genituen. Ondo oroitzen dut, adibidez, Xabier Arantzeta (Lepo) hil zutenekoa. Guardia Zibilak Errenterian hil zuen Arantzera eta guk, udaletxeko ordezkari moduan, horrekiko ardura erakutsi genuen. Bilera orokorra egin, eta seme kutun izendatu genuen. Erabaki hori ez zen guztien gustukoa izan eta ondorioak ere sufritu behar izan genituen: deiak, mehatxuak... eta lehergailu bat jarri zuten udaletxean. Garai gatazkatsuak ziren eta zail egiten zen zenbait erabaki hartzea.
Zein izan zen garai haietan aurrera eramandako proiektu garrantzitsuena?
Arau subsidiarioak onartzea, zalantzarik gabe. Lan zaila izan zen. Jende askorekin jarri behar izan genuen harremanetan eta jende askok hartu zuen parte. Urte askotako zeregina izan zen eta gaur egun ikus daitezke horren emaitzak. Herri antolamenduaren planifikazioa egin genuen; etorkizunean nolako herria izan nahi genuen erabaki genuen.
Bestalde, zona industrialari eman genion indarra ere nabarmenduko nuke. Gure taldeak aurrera eramandako proiektua izan zen, beste alderdietakoek ez zuten-eta babestu. Orain ikusten da, baina, eginiko lanak eman dituela fruituak: lanpostuak. Guk garrantzi handia eman genion horri, eta pozgarria da lortutakoa ikustea.
Gelditu zitzaizuen proiekturen bat egin barik?
Beharbada, pilotalekuaren alboan jolastokia egin ez izana. Bazen proiektu bat lautada bat egiteko eta bertan jolastoki handi bat ateratzeko, baina hori ezin izan genuen aurrera eraman. Horretaz gain, Eibartik Elorriora joateko ingurabidea egiteko asmoa ere ez zen bete. Biak ala biak oraindik ere egin gabe daude.
Lau urte egin ostean, atsedenaldi txiki bat hartu zenuen. Zergatik?
Nik uste nuen lau urteren ostean nire etapa Udalean bukatuta zegoela. Gainera, zinegotzi lana nekeza da, ordu asko sartu behar dira bilera eta batzordeetan. Saltsa askotan sartuta egoten naiz, eta erabaki nuen niretako denbora hartu nahi nuela.
Ordu asko sartzeaz gain, erraza izan zen politika egiten ikastea?
Guk politika egiten ez genuen ikasi, eta oraindik ere ez dakigu. Lagun talde batek, koadrila batek, eratu genuen hautagai zerrenda, ikusten genuelako herrian bazegoela hutsune bat: ez zegoen liderrik. Guk ez genuen nahi herrian zer egin behar zen kanpotik esatea; baizik eta hemen bertan pentsatzea zer egin. Herrirako zerbait egitea zen gure helburua: geuk organizatu, geuk pentsatu, geuk egin planak eta geuk eraman aurrera. Horretarako elkartu ginen lagun talde bat eta ikusi genuen bagenuela masa sozial bat atzean.
Nolatan itzuli zinen berriro Udalera lau urteren ostean?
Beti izaten dira zerrendak betetzeko arazoak, jendeak ez du horrelako ardurarik hartu nahi izaten. Eta, egia esan, Patxi Basauri bera etorri zitzaidalako eman nuen baiezkoa.
Garaiak oso ezberdinak izango ziren.
Bai, igartzen zen ordurako lan bat egina zegoela. Baina orduan beste arazo bat zegoen. Alderdi politikoek askatasun handiagoa zuten, eta, ondorioz, elkarren arteko eztabaidak ere areagotu egin ziren. Hori ez nuen gogoko.
Bigarren agintaldi hartan zein proiektu esanguratsu egin zenuten?
San Roke kalea egokitu genuen eta Artekale ere orduan egin zen. Bestalde, kirolgunea ere garai hartako proiektua da.
Bigarren agintaldiaren ostean erabat utzi zenuen politika?
Bai. Gainera, nik utzi ostean beste lau urte egin zuen Independenteak hautagaitzak. Gero, desegin egin zen. Guk ikusi genuen trantsizio ostean bazela lan bat egiteko beharra eta gero erabaki genuen iritsi zela gure amaiera, politikariei utzi genien bidea.
Egun, zela ikusten duzu politika?
Tristuraz; izan ere, ez dago elkartasunik. Egun, ika-mikatan oinarritzen da politika. Nik ez dut uste horrek horrela izan behar duenik. Politikak izan beharko luke: entzun, kolaboratu, elkarrekin lan egin...
Esan daiteke ez duzula egungo politikan sinesten?
Ez asko, egia esatearren, ez ditut sekula politika kontuak ulertu. Gu Udalean sartu ginen herriarendako lan egiteko, ez politika egiteko.