Zortzi erabiltzaile ditu uneotan Antzuolako eguneko zentroak, eta zazpi, berriz, Elgetakoak. Gatzagarekin batera Bideberri mankomunitean daude Antzuola eta Elgeta, eta mahai gainean dagoen aukera da etorkizun batean bi zerbitzu horien kudeaketa modu bateratuan lehiaketara ateratzea. Hau da, orain ez bezala Elgetako eta Antzuolako eguneko zentroen eta etxebizitza tutelatuen kudeaketa zerbitzu bakar baten moduan esleitzea.
Proposamen horren aldeko erabakia hartu zuen Elgetako udalbatzak urtarrilean egindako osokoan, baina erabakia atzera bota du otsaileko plenoan. Bilduko zinegotzi Janire Lazkanok osokoan adierazi zuen Antzuolako udalak urtebeteko epea eskatu duela erabakia behar den moduan aztertzeko. Bihar, martitzena, jakingo dugu gaiaren inguruan apur bat gehiago, izan ere plenoa egingo dute Antzuolan, eta gai zerrendako bigarren puntua da honakoa.
Eulen Elgetan uztailera arte
Eulen enpresak kudeatzen ditu uneotan Elgetako eguneko zentroa eta etxebizitza tutelatua. Oxel Erostarbe alkateak jakitera eman duenez uztailera arteko kontratua du Eulenek Elgetan, "beste urtebetez luzatu daitekeena", esan du.