Aralarrek ohiko batzarra egingo du asteburuan eta hantxe berretsiko duzue, besteak beste, Amaiur koalizioaren aldeko apustua hurrengo hauteskundeei begira, ezta?
Alderdikideei eskatuko diegu onespena ezkerreko eta abertzale diren bost alderdirekin, baita Iparraldeko ABrekin ere, elkarlan estrategikoa bultzatzeko. Elkarrizketa eta negoziazio prozesua irekitzea alderdi horiekin, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira oinarriak jartzeko.
Zergatik da egokiena Aralarrendako ezkerreko indar abertzaleen arteko elkarlana?
Beti egin izan dugu horren aldeko apustua. Baldintza batzuk ezarri genituen hasieratik horretarako: bide soilik politikoen bidez jardutea, aniztasunaren onarpena, barne demokrazia, erakundeetan normaltasunez parte hartzea… Baldintza horiek betetzen joan dira. Horretaz gain, bake eta normalizazio politikorako bidean une erabakigarrian gaude. Egoera sozio-politiko berri honi erantzuteko oinarri sendoak behar dira eta hauxe da unea horren aldeko apustua egiteko.
Aralarrek independentzia galtzen du Amaiurren aldeko apustua eginda?
Ez. Inondik inora ere ez. Aralarrek paper bat bete du orain arte, eta, aurrerantzean ere, garrantzitsua izango da Aralarren papera. Ez dugu integraziorik proposatzen, baizik eta akordio estrategiko nazionala. Aralar sortu zen ezker abertzale zibil eta zabala integratzeko, osatzeko, parte aktibo izateko. Helburu horiei ezin diegu uko egin sinesgarriak izan nahi badugu. Emandako berba bete egin behar dugu. Azkeneko hitza, hala ere, alderdikideek dute.
Aralarren gehiengoaren estrategiarekin kritikoak diren alderdikideak Gasteizeko batzarrean izango dira?
Aralarren ez dago korronte kritikorik. Organo guztiak irekiak dira. Egia da gehiengoarekin bat egiten ez duten iritziak ere badirela alderdi barruan. Hortaz, norberaren erabakia da Gasteizko batzarrean egotea edo ez egotea.
Zela baloratzen duzu Iratzarri-Aralar Gazteak taldeko batzuek Aralarren ildo estrategikoarekin bat ez etortzea eta Aralarrengandik aldentzea?
Alderdietan eta erakundeetan boluntarioki gaude. Sartzea norberaren hautua den moduan, aldentzea ere bai. Errespetuz hartzen dira erabakiak eta erabaki hori ere errespetuz hartzen dugu guk.
Batasunaren inguruko ezker abertzaleak joan den domekan Kursaalen egin zuen adierazpen ekitaldian izan zinen. Zela baloratzen duzu azken ekarpen hori?
Modu positiboan. Euskal jendarteari egin dioten beste ekarpen bat da. Baina ezin gara begira egon beste batzuk zertan dabiltzan. Guztiok egin behar ditugu ekarpenak.
Zer beste eskatu ahal zaio Batasunaren inguruko ezker abertzaleari?
Norberak, bakoitzak eta guztiok, egin behar ditu urratsak. Ez besteari eskatu hau edo beste egin dezala. Ezker abertzaleko beste sentsibilitatea egiten ari da aldebakarreko urratsak, eta hori oso ondo dago, baina beste batzuek ere eman behar dituzte, ez beti batzuei bakarrik eskatu mugi daitezela.
Ze iritzi duzu Raxoik orain arte erakutsitako jarreraren gainean?
Espainiako Gobernutik entzuten den musika, soinua, hasi da aldatzen, baina ez dut oso positiboki baloratzen orain arte egin dutena. Ze, musika aldatzeaz gain, urratsak ere egin behar dira-eta. Gure ustez, hasteko, espetxe politika aldatu egin behar dute eta presoen eskubideak, pertsonak diren neurrian, errespetatu. Fitxa mugitzea tokatzen zaio PPri.
Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan Amaiur koalizio moduan aurkeztuko dela uste duzu?
Egin den ibilbidea zein den kontuan izanda, Gernikako Akordioa, Aieteko Bake Prozesua, ETAk jardun armatua utzi izana, Amaiurrek lortutako emaitza historikoak… iruditzen zaigu egokiena dela Amaiurrek segitzea. Baina ez dago baten borondatearen esku, guztionean baizik.
Nafarroan emaitza historikoak?
Han ere historikoak. Nafarroan indar abertzaleek inoiz ez dute halako emaitzarik lortu. Egia da Geroa Baik ere atera zuela, baina hor ikusten da Hegoaldeko beste lurraldeetan lehenago marraztutako mapa Nafarroan ere marrazten doala. Espainian gertatzen den moduan, Euskal Herrian ere abertzaletasunak bi hanka izango ditu, bata eskumakoa eta beste ezkerrekoa.
Sortu egongo da Amaiurren?
Hori izango litzateke onena. Normalizazio politikoaren beste urrats bat izango litzateke. Oraindik ere salbuespeneko legedia eta epaitegiak daude indarrean.
Gipuzkoako Foru Aldundian Bilduk egin duen lana zela baloratzen duzu?
Poliki-poliki aldaketak bideratzeko oinarriak ezartzen dihardute, zailtasunak zailtasun. Aldaketa bide horretan Aralar laguntzeko prest dago. Horren adibide: zerga politika aldaketa, errauskailua geldiaraztea eta bidesarien gaineko ekarpena.
Hiri hondakinen kudeaketa dela-eta, Bilduren eta beste alderdi batzuen artean sortu den ika-mikaren gainean non kokatzen da Aralar?
Arazoari irtenbidea eman behar diogu, erantzukizunez jokatuz denok. Jarrerak hurbiltzeko gauza izan behar dugu. Alternatiba bat baino gehiago dagoelako eta materia organikoa batzeko ere, tokiaren arabera, bata edo bestea aukera daitekeelako.
Elgetarako ze eredu?
Ahalik eta sistemarik egokiena eta herritarrekin adostua. Gu ez gaude atez atekoaren aurka. Egia da hiri hondakinak birziklatzeko modurik egokiena dela, baina horrekin ez da amaitzen arazoa. Itxiera fasea ere kontuan hartu behar da eta birzikla ezin daitekeen hondar horri irtenbide egokiena eman behar zaio. Errauskailua ez da, hala ere, irtenbidea.