Cristina Medina eta Joan Estrader dira antzezlaneko protagonistak; zuzendaria, ostera, David Sant da. "Llorar por llorar antzezlana guk sortutako lana da, umorezkoa", azaldu du Cristina Medinak. Misteriozko irratsaioa duen irrati esataria da antzezlaneko protagonista. Irratiaren 15. urteurrenean Flecha andrea gonbidatuko du irratira, misteriozko istorio bat kontatzera. Hain zuzen, misteriozko istorio hori izango da antzeztuko dutena.
Erritmo bizia
Erritmo bizia izango du antzezlanak: "Bai, ez dugu besterik", dio Medinak. Llorar por llorar lana Elgetan aurkeztuko dute modu ofizialean: "Gure asmoa indarrak hartzea da uda aldean jaialdietan aurkezteko", dio aktoreak.
Umorezko saioek izaten duten arrakastaz galdetuta Medinak dio kalean penak bakarrik entzuten direla eta horregatik beharrezkoa dela umore apur bat izatea: "Penak bakarrik entzuten dira; ez dugu jakiten nork kontatuko duen pena handiena".
Elgetan pozik daude
Hiruzpalau bider etorri dira Pez en raya taldekoak Elgetara: "Zaila da ez joatea… oso ondo tratatzen gaituzue eta ondo jaten dugu. Dagoeneko dietan nago!", dio Medinak. Antzezlana 22:30ean izango da, egubakoitzean, 12 eta 10 euroren (bazkideak) truke.