"Epe motzean hainbat zerbitzu martxan ipintzeko aukera dagoela esan berri digu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalari eskatu dio zehazteko elgetarrok ditugun behar nagusiak zeintzuk diren", jakinarazi du Oxel Erostarbek.
Elgetako alkatea aurreko astean batzartu zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendari Unai Erroitzenearekin, eta elgetarren garraio gabeziari erantzungo dion proposamena lantzen ari direla adierazi du. Martxan ipintzea aztertzen ari diren garraio zerbitzu berriak Bergararekin eta Eibarrekin lotuko lukete Elgeta. Gogoratu hainbat zerbitzu azaroan martxan ipintzea zegoela aurreikusita, baina iragarpen hori ezerezean geratu zela.
Inkesta eta batzarra
Garraio gabezia horiek zeintzuk diren identifikatzeko Udalak inkesta banatuko du etxez etxe eta herritarrei dei egiten die inkesta bete eta udaletxera edo danonartian@elgeta.net e-postara bidaltzeko.
Informazio hori abiapuntua izango da Foru Aldundiari proposamen bat egiteko. Gainera, udalak batzar irekia deitu du martxoaren 14rako. Udaletxean egingo dute 19:00etan. Batzarraren aurretik inork Udalak duen informazioa behar badu eskatu besterik ez du.