Ludoteka zerbitzuari eusteko eskaera berretsi dute gurasoek

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko otsailaren 23a

Gazteleku zerbitzua, berriz, erakargarriagoa egin behar dela uste dute.

Hogei bat guraso elkartu ziren ludoteka eta gazteleku zerbitzuaren etorkizuna aztertzeko Udalak eguaztenean egindako bileran.
Oxel Erostarbe alkateak zerbitzuaren bideragarritasuna izan zuen nagusiki hizpide. Azaldu zuen zerbitzuaren finantzazio iturriak Udala, erabiltzaileen kuotak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzak direla. Jaitsiera nabarmenak eman dira, eta defizita, egun, 9.000 eurokoa dela esan zuen.
Erostarbek zerbitzuaren inguruan Udalak dituen kezkak plazaratu zizkien gurasoei, eta bi lan taldetan banatuta kezka horiei erantzuna ematen saiatu ziren gurasoak. Beharrak zeintzuk diren, zerbitzua zenbat hilabetez eman behar den, erabiltzaileen adinak zein behar duen, eta kuotak zenbatekoak behar duten galdetu zuen alkateak.

Ludotekari eutsi

Gurasoek ludoteka zerbitzuaren premia argia ikusten dute, eta zerbitzuari eusteko eskaera aho batez berretsi zuten. Zerbitzua urte osora zabaltzeko eskatu zuten baita nahiz eta hezitzaile gehiago eskatu zerbitzua hiru eta lau urteko haurrei ere emateko. Zerbitzuaren erabilera ezberdinak egiten direla ere onartu zuten. "Ez da gauza berdina ikasturte guztian zehar haurra eskolatik jasotzeko, merienda emateko eta arratsaldez ludotekan edukitzeko eskatzea, edo tarteka aisialdi zerbitzua erabiltzea". Hala, egoera horiek kuotetan isla izatea ontzat jo zuten. Dena den, argi utzi zuten kuotak ezin direla inondik inora gaur egungoak baino altuagoak izan.


Gaztelekua berriz aztertu

Gaztelekuak, aldiz, azterketa sakona eskatzen duela esan zuten gurasoek. "Erakargarriagoa egin behar dugu; ezin du zaintza zerbitzuaren jarraipena izan", esan zuten. Bestelako dinamikak eskatu zituzten, eta herriko beste baliabideak gaztetxoen esku uzteko; kiroldegia edo ordenagailu gela, esaterako. Gaineratu zuten gazteleku zerbitzua urritik apirilera ematearekin nahikoa izan daitekeela. Bigarren batzar bat egingo dute 15 egun barru.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak