Udalak erabakita zuen apirilean ludoteka eta gazteleku zerbitzuak urrira arte etetea. Neurri horren arrazoia Foru Aldundiak zerbitzu horretarako emandako dirulaguntzaren jaitsiera dela azaldu dute behin baino gehiagotan udaletxetik. Hiru urtean babes hori 18.000 eurotik 3.000 eurora jaitsi dela azaldu du Oxel Erostarbe alkateak. Hala, zerbitzua neguko hilabeteetara murriztea erabaki zuen Udalak.
Guraso talde batek, ordea, zerbitzua ez eteteko eskaera egin du orain, eta Udalak batzar irekia deitzea erabaki du. "Prest gaude erdibideko irtenbideak topatzeko", esan du Oxel Erostarbe alkateak. "Non gauden argi edukitzeko batzar horretan egoera zein den azaldu nahi diegu gurasoei, ea denon artean irtenbide bat topatzen dugun". Batzarra udaletxean egingo dute otsailaren 22an, eguaztena, 19:00etan.
37 erabiltzaile
Une honetan ludotekak 20 erabiltzaile ditu, eta gaztelekuak 17. Ludoteka zerbitzua astelehenetik barikura dago zabalik 16:00etatik 19:00etara, eta gurasoek horrela eskatuz gero hezitzaileek eskola irteeran jasotzen dituzte haurrak. Gazteleku zerbitzua, aldiz, gaztetxoei zuzenduta dago eta barikutan, zapatutan eta domeketan dago zabalik.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren jaitsierari aurre egiteko azken ikasturteotan Udala erabiltzaileei kuotak igotzen joan da, baina ez da nahikoa eta 2012an bi zerbitzuak sei hilabetez etetea erabaki du. Jarraitutako irizpidea izan da zerbitzua neguko hilabeteetan ematea, hau da urtarriletik martxora eta urritik abendura. Hala, apiriletik irailera bitartean, printzipioz, ez da ludoteka eta gazteleku zerbitzurik egongo. Apirila gerturatzen ari da eta gurasoek zerbitzuari jarraipena emateko eskaera egin dute orain.
Informazioa eskuragarri
Batzarra ez da soilik guraso erabiltzaileendako. Kuotak igo izanaren ondorioz jaitsi egin da ikasturte honetan erabiltzaile kopurua eta ez erabiltzaileak ere batzarrera deituta daude. Inork interesa balu aurretik zerbitzuaren egoeraren gaineko informazioa jasotzeko eskatu besterik ez du. Nahikoa da udaletxera deitzea —943 768 022— edo danonartian@elgeta.net helbidera eskaera egitea.