14:45ean musika burrunbada entzun zen Elgetan eta handik gutxira Elvis ikusi genuen brigadako automobilaren gainera igota. Atzetik zetozen Herri Eskolako 90 bat mozorro. Kolore eta tamaina guztietakoak. Domingo Iturbe eta San Roke kaleak zeharkatu eta Herriko plazan egin zuten geldialdia. Sokatiran, txorokil bilketan eta zaku karreran ikusi genituen, besteak beste. Sorgin dantza ere egin zuten.
Txokolate beroa
Maala guraso elkarteak eskainitako txokolate beroak harrera ona izan zuen, baita kultura batzordeak antolatutako jokoek, buruhandiek eta meriendak ere. Kaxkajua ere agertu zen. Mozorrotu eta kalean gora kalean behera ibili zen trikiti doinuek lagunduta. Atseden pixka bat hartzeko 'Bazan Kalabazan' ipuin saioa egin zuen Ane Meabek udal liburutegian. Gero etorri ziren gaueko mozorroak.