Nobedadeak dakartza aurten Aratuste-barikuak

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko otsailaren 15a

Arratsaldean haurrak izango dira protagonista; gauean, berriz, erromeria bakarra izango dugu; gaztetxekoa.

Aurten ere Herri Eskolako neska-mutikoek emango diete hasiera Elgetako Aratusteei. Lehenengo nobedadea da eskolan gai librea dutela aurten; hau da, nork bere gustuko mozorroa aukeratuko duela. Hala, eskolakoen mozorro kalejiraren ostean jokoak egingo dituzte plazan, eta ez dantza saioa.

Kalejira 14:45ean hasiko dute. Eguraldi onarekin Herriko plazan amaituko dute, bestela udal pilotalekuan. "Haur jokoak egingo ditugu", adierazi du eskolako zuzendari Emma Igartuak. "Sokatira, zaku lasterketa, lokotx bilketa... dantza bat ere egingo dugu guztiok batera". Amaitutakoan, guraso elkarteak urteroko txokolate-jana egingo du.

Kaxkajua mozorrotzea

Kultura sailetik ere zenbait nobedade datoz aurten. Kaxkajua berreskuratuko dute, eta panpina hori mozorrotu ostean kalejira iragarri dute. Haur jolasak, buruhandiak eta merendola ere egingo ditu Udalak. Eguraldiaren arabera Herriko plazan edo frontoian egingo dira ekitaldiok. 19:30ean, berriz, Ane Meabe ipuin kontalariak udal liburutegian egingo duen saiora gonbidatu dituzte herriko haur guztiak.

Dantzaldia gaztetxean

Mozorro gauerako herri afaria iragarri du gaztetxeak Ozkarbi elkartean, eta parrandarako erromeria bakarra izango dugu azkenean. Ekaitza taldeak erromeria egingo du gaztetxean 23:00etan hasita. Espaloian kontzertua egitekoa zen Jorghino taldearen emanaldia bertan behera gelditu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak