Udalen finantzaketa fondoa den Foru Aldundiaren Diru Fondoa zeresan handia ematen ari da azken asteotan. Elgetaren kasura etorrita, Diputazioak 130.202 euro berreskuratu nahi ditu; 50.844 euro 2008ari dagozkionak eta 79.358 euro 2011tik datozenak. Hala, 2012an Elgetari egin beharreko lau ordainketetatik diru kopuru hori deskontatzea proposatzen du Aldundiak.
Elgetako Udala ordainketa horiei aurre egiteko moduan dagoela esan du Oxel Erostarbe alkateak. 2008. urteari dagokion kopurua —50.844 euro— Elgetako aurrekontuan aurreikusita zegoela esan du, baita Diputazioak horrela erabakita otsaileko ordainketatik deskontatuko diren 39.680 euroak ere —2011tik datorren Diru Fondoaren %50—. Gainerako 39.680 euroen zati bat ere aurreikusita zegoela esan du: 26.600 euro, hain zuzen ere. Defizita, hortaz, 13.070 euro da. "Udalaren egoera ez da aurrekontua Diputazioarekin batera konpartitzeko besteko larria", esan du Erostarbek, Aldundiak udalei proposatutako hirugarren formulari erreferentzia eginda.
Bi formula aukeran
Hala eta guztiz ere, Ogasun batzordeak erabaki bat hartu behar du otsailaren 15erako, eta erabaki horrek herritarrengan eragina izan dezaketen murrizketak ekar ditzake. Aukeran dauden bi formulen artean lehenengoa da maiatzean, abuztuan eta azaroan Diputazioak Elgetari egin behar dizkion ordainketa bakoitzetik 13.226 euro deskontatzea. Kasu honetan, kontuak ateratzeko Udalak 13.070 euroko murrizketak egin beharko lituzke 2012ko aurrekontuan, eta alkateak ez du murrizketak non egingo lituzkeen aurreratu.
Bigarren aukera da ordainketa kreditu bidez atzeratzea, eta kontuak 2013an eta 2014an kitatzea. Formula egokiena aukeratu behar du orain Udalak.
Murrizketak
"Egoera ez da txarra, baina argi dagoena da 2012-2013rako egoera ekonomiko latza datorrela", esan du Erostarbek. "Hori kontuan hartuta herritarrak konturatu behar dira Elgetan ere Udalak erabaki batzuk hartu beharko dituela", eta 2012ko aurrekontutik hainbat diru-lerro ukitzeko aukera erreala dela esan du.
Foru Aldundiaren erantzukizuna ere azpimarratu du. "Espero duguna da Foru Aldundiak 2012rako egin dituen aurreikuspenak betetzea, eta 2012aren bukaeran desfase egoera honetan berriz ez egotea".