Uste baino arazo gutxiago goizeko lehen orduetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko otsailaren 2a

Txapa istripu bat egon da Bergarako errepidean, gainerakoan ez da arazo larririk egon.

Goizealdean hasi da elurra eta ordubetean zentimetro zuritu du. Zirkulazio arazo handienak 08:30ak bueltan sortu dira Bergarako bidean bi ibilgailuk txapa istripua izan dutenean. Ipintza institutura jaisten diren ikasleak Elgetan geratu dira gaur. "08:30ean etortzen da autobusa eta 09:00ak arte itxaron dugu. Gero etxera joan gara eta antza orduan iritsi da", esan digute.

Herri Eskolari dagokionean zenbait irakasle atzeratu egin dira gaur, eta bi urteko gelako gurasoei, esaterako, umeekin etxera bueltatzeko esan diete eskolan ume horien ardura hartzeko nahikoa pertsonal ez zutelako. Irakaslea, baina, laster iritsi dira eta eguneroko martxarekin hasi dute eguna ikastetxean.

Neurri bereziak

Elgetako udalak atzo hartu zituen lehenengo neurriak; makina bat herriko kale eta auzo bideetan gatza botatzen aritu zen. Gaur goizean laster jarri dira martxan udal brigadako langileak. "Izotz gutxi egin du eta elurra ere gutxi dago momentuz", esan digu 09:30ak aldera brigadako burua den Fernando Zenitagoiak. "Bideak garbitzen gabiltza, baina ez da aparteko arazorik egon". Hori bai, abisua jaso dute denboraleak okerrera egingo duela. Udaletxean esan dutenez bi orduro eguneratuko dute egoeraren gaineko informazioa udal webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak