Martxoaren 8ko kartel lehiaketa deitu du Bideberri mankomunitateak

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko urtarrilaren 26a

Gatzagako, Elgetako eta Antzuolako herritarrei dago zabalik; lanak otsailaren 21a baino lehen aurkeztu behar dira.

Emakumeen Nazioarteko egunarekin lotuta Bideberri mankomunitateak deitzen duen bigarren kartel lehiaketa da honakoa. Iazkoa Elgetako Alicia Gartziak irabazi zuen.
   Lehiaketaren bigarren edizio honetarako bi sari iragarri dituzte; lehenengoa 350 eurokoa, eta bigarrena 150 eurokoa. Interesatuek otsailaren 21era arteko epea dute —13:00ak bano lehen— lanak udaletxera eramateko. 

Leloa ere asmatu behar da

Gatzagako, Elgetako eta Antzuolako udalek osatzen dute Bideberri mankomunitatea, eta lehiaketa hiru herri horietako biztanleendako eta bertan jaiotakoendako dago irekia.
Kartelaren diseinua sortzeaz gain leloa ere egileak egin beharko du, eta testu horri diseinuari besteko garrantzia emango zaiola jakinarazi dute deitzaileek. Kartelak, gainera, Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2012 errotulua eta Bideberri mankomunitatearen logotipoa sartzeko lekua ere jaso beharko ditu.
Epaimahaiaren eraketa erabakia ematen den egun berean emango dute ezagutzera.

Ezaugarri teknikoak

Kartelen neurria, gehienez, 50x70 zentimetrokoa izango da, eta teknika egileak aukera dezake. Hori bai, lana formatu digitalean ere aurkeztu beharko da. Dena den, lehiaketaren oinarriak Gatzagako, Elgetako eta Antzuolako udaletxeetan zein horien webguneetan egongo dira ikusgai. Mankomunitateak, bestalde, lehiaketara jasotako kartelekin erakusketa egiteko asmoa du. Emakumeen Nazioarteko egunaren bueltan izango da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak