Erantzun polita izan zuen Elgetan mendi elkarte berria martxan jarri nahian ari direnek herritarrei egindako deiak. Aurkezpen bileran azaldu zuten Kantsatzeke mendi elkartea orain sortzekoak izan arren, jatorria, nolabait, lehenagokoa duela.
2009an Ozkarbi elkarteko hiruzpalau lagun batu ziren, Udalak eskatuta, Finalisten Eguna antolatzeko. Gero jarraitu egin zuten irteerak antolatuz. Urtean lauzpabost irteera antolatu dituzte aurreko urteetan. Dozena bat lagun inguru eta giro ona izan omen dituzte horietan.
Aurrerako asmoa da hilean behingo maiztasunarekin egitea irteerak. Abuztura arte egingo dituzte, eta irailean eta urrian ere bai, printzipioz. Euskal Herriko herrialde denetako mendietara egin nahi dituzte irteerak. Orain arte antolakuntza lanetan jardun duen taldetxoak nahi du laguntzeko prest dagoen jendea batu eta elkartea egituratzea, antolakuntza lanak banatzeko eta erabakiak denen artean hartzeko.
Atzoko bileran planteatu zuten, adibidez, elkarteak bazkideekin funtzionatzeko aukera. Gero bakoitzaren esku federatu txartela eskuratzea edo ez. Federatzeko ezinbestekoa da klub bateko kide izatea, eta federatzeak mendiko aseguruaz gain abantailak dakartza, esate baterako, mendiko hainbat aterpetxe erabiltzerakoan. Kantsatzeke mendi elkartearen hurrengo bilera otsailaren 7an izango da, herritar orori irekia hau ere.