Merezitako erretiroa hartuta, itxi egin du Ostatu taberna Arantxa Aretxagak

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko urtarrilaren 24a

Hiru belaunaldiz Aretxagarrak aritu dira tabernako barraren atzean.

Itxita dago Elgetako Ostatu taberna. Egunotan astean lautan zabaltzen du Arantzazu Aretxagak. "Loteria makina daukat eta herriko beste taberna batek hartuko badu ere lekuz aldatzeko baimenaren zain gaude", azaldu du. "Bitartean behartuta nago zerbitzu hori ematera".

Ostatu taberna erreferente izan da Elgetan; ez soilik herritarrendako, baita kanpotarrendako ere. Errepide bazterrean kokatua bidaiari askoren atseden gune izan da hamarkadetan. "Lan asko egin izan dugu beti San Blas egunean, Zumarragako feria egunean, Erramu zapatu egunean, San Antonio egunean...Gurean, egun seinalatuak izan dira; jendea ibili da beti".  

Hiru belaunaldi

Hiru belaunaldiz aritu dira Ostatu tabernako barraren atzean Aretxaga familiako kideak. Arantzazuren aitaitak, Canuto Aretxagak, zabaldu zuen negozioa. "Hasieran harategia ere bageneukan", kontatzen du. "Dena egurrezkoa zen, eta gogoan dut nekez iristen nintzela barrara". Gero, Arantzazuren aitak, Faustino Aretxagak, jarraitu zuen negozioarekin, baina osasun kontuak tarteko harategia itxi egin behar izan zuten. "Gogoan ditut Martintxo, Mantu, Zeleta, Panaderokua, Lupicinioren bodega eta Benigno Vazquezen denda", dio Arantzazuk. "Herria oso bestelakoa zen garai hartan".

Bizitza osoa eman du barraren atzean Arantzazu Aretxagak. Akorduan du sukaldean aritzen zen Nati izebak sorbaldan min hartu zueneko eguna. "Ezinbestean, nik sartu behar izan nuen sukaldera", kontatzen du. "Ez zitzaidan batere gustatzen, baina orduan horrela ziren gauzak". Urteak pasa dira ordutik, eta hara non sukaldetik hartu du erretiroa Aretxagak. Kosta egiten omen zaio bizitza berrira egokitzea. "Arratsaldeak, batez ere, amaigabeak egiten zaizkit".

Ofizio lotua

"Lagun handiak egin ditut urte hauetan guztietan, baina ostalaritza ofizio oso lotua da", dio Aretxagak, "eta esperientzia txarrak ere badaude". Ostatu tabernan bereziki gogoan dute 1980ko uztailaren 18a. "Taberna jendez lepo zegoen, eta bi lehergailu bota zituzten kanpotik. Zorionez, detonagailuek huts egin zuten, askatu egin ziren, eta batek eztanda txikia egin bazuen ere ez zen ezer larririk gertatu". Triple A erakundeak hartu zuen ekintza bere gain, eta Ostatu tabernan mehatxuzko mezuak jasotzen jarraitu zuten luzaroan. Telefono deiak eta gutunak. "Ostatu ETA kideen topaleku bat zela zioten, eta lehenago edo beranduago denak hilko ginela. Beldur handiko egunak izan ziren", dio Aretxagak.

Krisi gogorra

Ostalaritzaren etorkizunaren inguruan galdetuta ezpainak okertzen ditu Aretxagak. "Krisi asko ezagutu izan ditugu hemen, baina sekula ere ez honakoa bestekoa", dio. "Hau oso gogorra da". Gauzak asko aldatu direla ere badio. "Gizartea aldatu egin da eta gu tabernariok ere bai. Lehen harreman estuagoa genuen. Urtero, jaien ostean, afaria egiten genuen, eta prezioak adosteko bilerak ere egiten genituen. Orain ez dago horrelakorik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak