Zirimiria zen gaur eguerdian Elgetan. Hala ere, Herri eskolako neska-mutikoek ez dute hutsik egin. Amantala zuria eta sukaldari txanoa jantzi, lepotik danborra zintzilikatu eta elizpean ziren San Sebastian kofradiako Uberako eta Elgetako kideei San Sebastian martxa jotzeko.
Adinka antolatuta eta aurten lehenengo aldiz 6. mailako neska-mutikoen laguntzarekin san Sebastian martxa jo dute. Esan beharra dago, kofradiako kideak bakarrik ez; urterik urtera, gehiago dira ekitaldi xume hori ikustera gerturatzen diren gurasoak eta herritarrak.
Kofradiaren urteroko ekitaldia
Urtero moduan San Sebastian kofradiako kideak, Uberako eta Elgetako 25 bat lagun, Elgetan elkartu dira. Eguerdian, mezetara sartu aurretik, neska-mutikoek danborrada egin dute elizpean. Urteroko egitaraua dute aurten ere; meza entzun, sakristian urtero egiten duten ekitaldia egin, eta bazkaria egingo dute elkarrekin.