Martxora arteko programazioa aurkeztu dute Espaloia kafe antzokitik

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko urtarrilaren 17a

Antzokiaren etorkizunaren inguruan gauzak bide onean doazela esan dute arduradunek, eta urtarrilean azken hilabeteetako zerbitzu bera emango dela.

Bide Ertzean taldearen eta Anthony Blake mentalistaren emanaldiekin eman dio hasiera Espaloiak urte berriari. Elgetako antzokiaren etorkizunaren inguruan arduradunek aurreratu dute abenduan hainbat elkarrizketa egin dituztela ziklo berriari hasiera emateko. "Bide onean gabiltzala esango nuke", adierazi du Iban Arantzabalek, "eta urtarrila papeleoetarako eta funtzionamendu berriak adosteko beharko dugu".

Urtarrilean Espaloiak zabalik jarraituko duela ziurtatu du, eta azken hilabeteko zerbitzu bera emango dela. "Mamitsua izaten ari da ziklo berrirako prestaketa. Sukaldea, taberna... dena dago mahai gainean, eta eztabaidagai. Pausoz-pauso, baina otsailean bertan ikusiko dira aldaketaren batzuk", esan du.

Martxora arteko programazioa

Bien bitartean, Espaloiko kultura batzordeak martxora arteko programazioa kaleratu du. Urtarrileko azken barikuan, hilak 27, Zanguango taldeak 'Aquí va a pasar algo' antzezlana estreinatuko du Espaloian. Aurretik, hilaren 20an, Debagoieneko Kirol Sarien gala egingo da kafe antzokian.

Otsailean Wazemank telebista saioak ezagutzera eman zituen Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu izango dira Espaloian. 'Bodologuak' antzezlan umoretsua taularatuko dute otsailaren 10ean, 22:30ean. Inauteri gauerako eta Udalak antolatuta, otsailaren 17an, barikua, antzokian izango da Jorginho orkestra. Hurrengo astean, otsailak 24, Markos Untzetak egingo du emanaldia Elgetako antzokian.

Martxoa ere antzerkiarekin abiaraziko dute Espaloian. Martxoaren 2an, Pez en Raya taldeak 'Llorar por llorar' antzezlana aurkeztuko du, eta hilaren 15ean, Josu Guerra pasaitarrak Spirit of Anuk belaontzian egindako abentura ekarriko du ikus-entzunezko batean. Hondarribitik abiatuta Cabo Verdera arteko bidea egin zuen Guerrak Atlantikoa belaontziz zeharkatuz eta bizi izandako nondik norakoak azaltzera etorriko da Elgetara. Aspaldiko partez, beraz, abenturarekin lotutako ikus-entzunezkoa egongo da Espaloian.

Herrixa dantzan

Aurrera egingo dute 2012an ere Patxi Monterok gidatzen dituen dantza saioak. Ohi moduan hilero, azken domekan, egingo ditu 19:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak