Ikuskizun berrian, Blakek beldurraren inguruko gogoeta egiten du, giza psikologiarekin jokatzen du; hori bai, umorea alde batera utzi gabe. Emanaldi hasieran, lan berriaren izena sarrerak binaka saltzeko trikimailua zela esan zuen.
Ondoren, lanean hasi zen. Ikusle batzuk aukeratu zituen eta horien eta publikoaren pentsamenduekin jokatzen hasi zen. Lehenengo jokoan, publikotik pertsona bat hartu eta min-fisikoan psikologiak eta beldurrak eragin handia dutela erakutsi zuen.
Begiradak ere gutaz asko esaten duela azaleratu zuen hiltzailearen jokoan. Bere ustez, denok gara potentzialki hiltzaileak eta lau pertsonen artetik hiltzailearen karta nork zuen asmatu zuen.
Ez zen falta izan bere ikuskizunetako klasiko bat: Blakek hildakoen eta bizidunen arteko bitartekari lanak egin zituen. Horrekin, arima desberdinez inguratuta bizi garela frogatu nahi izan zuen. Gero, ikuskizun berriko bigarren protagonistarekin, Daniela panpinarekin batera, saioaren bukaeraraino elkarlanean aritu zen. Danielarekin hainbat trikimailu egin zituen. Eta bukatzeko, bi arbelekin, hildako batek bere alabari utzitako mezua irakurri zuen.
Azkenean, hiru emanaldi
Hasiera batean, egubakoitz eta zapatuan egin behar zituen emanaldiak, baina sarreren salmenta ikusita, atzo arratsaldean beste saio bat egitea erabaki zuen. Asteburukoarekin, bosgarren aldiz bisitatu du Elgeta mentalista asturiarrak. Publikoak ondo erantzuten dio eta Elgeta ikuskizunak egiteko gustuko plaza duela argi utzi du Blakek.