Anthony Blakek hiru saio egingo ditu aste bukaeran Espaloian

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko urtarrilaren 12a

Barikurako eta zapaturako sarrerak ia agortuta daude; domekan, 19:00etan, hirugarren saioa egitea erabaki dute.

Etorri izan den guztietan bete du Espaloia Anthony Blake mentalista entzutetsuak, eta No vengas solo ikuskizunarekin berdina gertatuko dela dirudi. Barikurako eta zapaturako sarrerak ia agortuta daude, horregatik hirugarren emanaldi bat egiteko erabakia hartu dute Espaloian.

Domekako emanaldia 19:00etan hasiko da eta sarrerak prezio berdinean daude; 18 euro, bazkideendako 15 euro.

'No vengas solo' ikuskizuna

"Baliteke norbaitek ukitzen zaituela sentitzea horrelakorik ez dagoenean, edo baten batek berba egiten dizula entzutea aldamenean inor ez duzunean". Horrelako hitzekin gerturatu gaitu Anthony Blake mentalista entzutetsuak Espaloian egingo duen ikuskizunera. "Gai oso zailak landuko ditugu", esan du. "Ikertuko dugu beldurra zer den, eta nola bizi dugun".

Portzelanazko panpina batekin egingo du ikuskizuna, eta nola ez ikusleekin. "Ezin dut aulki baten adimena irakurri edo aulki baten arima deitu", esan du Blakek. "Publikoarekin eta publikoarendako egiten ditut beti nire saioak".

"Espaloia, niretzat, esperimentaziorako laborategi zoragarria da. Beti eramaten dut zerbait berriari Elgetara". Duela hilabete batzuk estreinatu zuen No vengas solo Bartzelonan. "Ez zegoen guztiz nire gustura, eta berrikuntzak egin dizkiot. Azken emaitza hori da Elgetan lehenengo aldiz eskainiko dudana". Blakek azpimarratu du ez dela beldurrezko ikuskizuna. "Gai oso delikatuak landuko ditugu, eta irudi gordinak ikusiko dira; ez dut umeendako gomendatzen ez eta oso sentikorrak diren pertsonendako ere".

Informazio gehiago hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak