Estatuko Meteorologia Agentziak estazio meteorologikoa ipini du Pagatzan

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko abenduaren 20a

Tenperatura, haizea (abiadura eta noranzkoa), prezipitazio eta hezetasun datuak hartzen ditu; sei orduro berrituko dituzte datuok www.aemet.es atarian.

 

Lurraldeko estazioak modernizatzeko egitasmoaren barruan Aixolan dagoen estazioa berritzeko asmoarekin etorri ziren AEMETeko teknikariak Elgetara, baina kokapen horrek kobertura arazoak ematen zituela konturatu ziren eta toki egokiago baten bila Pagatzan estazio berri bat ipintzeko baimena eskatu zioten Elgetako Udalari.

Industrialdearen puntuan, bidegorria amaitzen den tokian, dago ipinita estazio berria. Martxan da dagoeneko; tenperatura, haizea (abiadura eta noranzkoa), prezipitazio eta hezetasun datuak hartzen ditu uneoro. Eta datu horiek sei orduro jasotzen dituzte meteorologia agentzian.

Momentuan, modem arazoak tarteko, AEMET-ek komunikazio arazoa du Elgetako estazioarekin baina bi modem konpondu dituzte dagoeneko eta asmoa da lehenbailehen instalatzea. Une horretatik aurrera Elgetako datuak www.aemet.es atarian agertuko dira, eta sei orduro berrituko dituzte.

Elgetako estazioaren ezaugarriak

Elgetako estazioa Aretxabaletan kokatuta dagoenaren oso antzerakoa da eta urte oso bateko datuak pilatzeko gaitasuna du. Agentziako teknikariak hiru hilabetero pasako dira bertatik estazioaren mantenu lanak egiteko. AEMET-eko Jose Luis Sebastian Aldak adierazi duenez arazoak komunikazioak ematen ditu gehienetan, baita prezipitazioak neurtzeko gailuak ere. “Denboraldi batean euririk egiten ez badu hautsa pilatzen da plubiometroan eta euria egiten hasten duenean ataskatu egiten da. Komeni izaten da garbiketa lana egitea eta tarteka sentsore guztiak ondo dauden begiratzea”.

Aixolan egon da orain arte Elgetako estazio meteorologiko bakarra. Estazio konbentzionala da, termoplubio tankerako, eta bertan jarraitzen duela esan du Sebastianek. “Tenperatura eta prezipitazio datuak jasotzen ditu”, argitu du. “Agentzia meteorologikoak estazioak modernizatzeko programa ipini du martxan eta hor kokatu behar dugu Pagatzan estazio berria ipini izana”, azaldu du. “Aixolako kobertura ez zen guztiz egokia eta beste kokapen bat behar genuen”.

Datuak eskuragarri

Pagatzako estazioak batutako datuak www.aemet.es webgunean eskainiko dituzte komunikazio arazoak konpondu bezain laster. Datuak, gainera, Excel formatuan deskargatu ahalko dira. Elgetako Udalaren asmoa da udal webgunean ere datu horiek eskuragarri ipintzea.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak