Inkognita bat izan da azken asteotan, baina badirudi Arantxa Aretxagak domekan, urtarrilaren 1ean, itxiko duela negozioa. Taberna eta jatetxea itxiko ditu. "Baliteke egun batzuk gehiago barraren atzean egon behar izatea", adierazi du gaur goizean Aretxagak. "Loteriaren makina dut eta guztiz zehaztu barik daukagu horrekin zer egin". Aretxagaren esanetan litekeena da jarduera hori herriko beste tabernari batek hartzea.
Hiru belaunaldi
Urteak dira Elgetako Ostatu taberna zabalik dela. Arantxa Aretxagak gurasoengandik hartu zuen negozioa eta aiton-amonak ere taberna zutela esan digu. "Ni hemen jaiotakoa naiz", adierazi du.
Aski ezaguna da Ostatu taberna Elgetatik kanpo ere. Sukaldari oso ona da Arantxa Aretxaga, eta fama berezia hartu du okela prestatzen. Zalantza barik kosta egingo zaie herritarrei Ostatu taberna itxita dagoela ohitzea.