Gabonak hemen ditugu, eta herriko eragile ezberdinek prestatu dute egunotarako agenda. Haurrek abenduaren 23ra arte dute eskola, eta Gabonetako oporrekin batera iritsiko da aurten Olentzero herrira.
Gabonetako klasikoak
Helduen zein umeen Gabonetako pilota txapelketak, eta Maala guraso elkarteak urtero kalez kale Gabonetako kantuak abesteko antolatzen duen ekintza dira Elgetan klasikoetako bi.
Pilota txapelketak martxan dira, eta urtero legez abenduaren 31n jokatuko dira finalak. Aurten, berritasunen artean, umeendako antolatutako pala txapelketa dago. Ume kopuru polita gerturatu da txapelketa hori jokatzera.
Maala guraso elkarteak, berriz, abenduaren 24rako egin du Gabon kantak abesteko deia. 10:30ean abiatuko dira kalez kale herriko trikiti ikasleekin batera. Amaitutakoan salda eta txorizoa eskainiko dute parte-hartzaile guztiendako.
Olentzero bezperan, abenduaren 23an, etorriko da Elgetara; gainerako herrietara baino egun bat lehenago. Astoarekin jaitsiko da Intxortatik Elgetako neska-mutikoen gutunak eta patxoak jasotzeko prest.
Udalak, bestalde, Gabonetako Haur parkea iragarri du hilaren 26 eta 27rako.
Txirikilen ekintzak
Nobedadeen artean aurten Txirikil aisialdi taldeak Udalaren laguntzarekin antolatutako ekintzak nabarmentzen dira. Haurrendako jolasak, jolas kooperatiboetan oinarritutako arratsaldea, eta ipuin kontaketa saioa antolatu dituzte. Bi zine emanaldi eta disko-festa ere egingo dituzte. Azken biak Espaloia kafe antzokian izango dira.
