Ostalaritza biziberritzeko beharra ikusten dute sektoreak eta Udalak

Julen Iriondo 2011ko abenduaren 16a

 Pintxo-domekak egitasmoa ontzat jo dute eta aurrerantzean kontsumoa handitzeko Intxortako ibilbideaz baliatzea aztertzen ari dira.

"Duela 8-10 urte oso garai oparoa bizi izan genuen Elgetan. Herriko zazpi tabernek topera egiten zuten lan; adibidez, eguneko 300- 350 otordu ematen zituzten denera. Gaur egun, ordukoaren laurdena asko jota", dio Patxi Basauri Udaleko Turismo batzordeko buruak, herrian ostalaritza sektorearen gainean dagoen kezka arrazoitzerakoan.

Sektorea bera da, noski, kezka hau gertuen bizi duena; Bolatoki eta Iñaki jatetxeak eta Haizea taberna dira hiru adibide: kontsumoaren moteltzearen motibo bila jarrita "krisia" aipatzen dute noski, baina baita, adibidez, garai batean herrian egiten ibili ziren "askotariko obrak amaitu izana" edo "tabakoaren legea". "Herri txiki batean dena hartu behar da kontuan", dio Haizeako Bittor Gallastegik, tantaz tanta ostalarien botila husten nola doan irudikatzeko orduan.

Batetik husten dena bestetik nola bete asmatzea da orain kontua, eta horretan ari dira: Udalarekin batera gauzatutako pintxo-domeka ekimena ondo joan omen da, eta aztergai dituzte beste aukera batzuk ere: esaterako, kanpotik jende dezente etortzen ei da Intxortako ibilbide tematikora. Bisitara etortzen diren horiei, hura ikusi eta alde egin beharrean bazkaltzera gera daitezen erraztasunak ematea da aukeretako bat, "ibilbideko txartelarekin batera jatetxeetarako deskontua eskainiz", esaterako; hala dio Patxi Basaurik.

Lehengo barikurik ez orain

"Duela urte batzuk langile asko ibili ziren Pagatza industrialdea eta etxeak egiten", dio Basaurik obra horiek ostalaritzan izan zuten eragin baikorra azaltzerakoan; eta zera gehitzen du Iñaki jatetxeko Begoña Arreitunandiak: "Langile haiek ordu-erdi izaten zuten libre eguerdian, eta etortzen ziren kafesnea hartzera edo pintxoa jatera; tailerrekoak ez dira etortzen, errelebotan egiten dute lan, eta bazkaldu ere etxean". "Garai oparoetan 50 otordu ematen genituen egunero, orain ez gara 30era iristen egun onenetan; eta egun txarretan 15-18 otorduren bueltan ibiltzen gara", berresten du Bolatokiko Jose Monterrosok.


"Eta barikuak"; barikuetakoa aipatzen du Monterrosok berak moteltzearen beste arrazoi batzuen adibidea jartzerakoan. Arrazoiak, krisia eta ohitura aldaketak; ondorioa, "jendea ez dela barikuetan ateratzen". "Barikuak ikaragarriak izaten ziren; orain, gehienez, hilean behin afaltzen du jendeak kalean. Eta txikiteoa ere asko jaitsi da", dio Monterrosok. Eta aurrekoa berresten, Haizeako Bittor Gallastegik beste hau: "Gazteek ez dute tabernarik taberna poteatzeko lehen besteko ohiturarik". Ohiturak aldatzen ari direla dio Gallastegik, eta behin galdutakoak berreskuratzea "oso zaila" izaten dela gaineratu. Ohitura aldaketa horretan, tabakoaren legeak ere, adibidez, eragin duela dio Haizeakoak: "Lehen astean zehar etortzen ziren gazteak, gauean, lasai, kafea hartzera; orain, erre ezin denez, lokalera joaten dira".

Baina, hainbeste trabaren artean, pozen bat sikiera: azaroko pintxo-domekek emaitza ona utzi dute: haurrendako jolasak, bertsolariak eta trikitilariak izan dira kalean, eta pintxoa euro batera sei tabernatan: "Igarri da jendea atera dela kalera, gazteak batez ere; ze bestela gazteak gauez ibiltzen dira, eta egunez ez", dio Iñakiko Begoña Arreitunandiak. "Gauzak egin behar dira, zalantzan daudenak kalera ateratzeko".

Jardunaldi gastronomikoekin harrituta

Udala ari da aztertzen herriko taberna eta jatetxeetara jende gehiago erakartzeko egon daitezkeen aukerak. Asteburuetan ikusten dute, argien, egoera hobetzeko modua. Eurek proposa dezaketenaz gain, baina, beharrezko ikusten du Patxi Basauri Turismo zinegotziak ostalariek ere ekimen berrietarako prestutasuna izatea.
Bide bat izan daiteke Elgetako Maialde hoteleko Jesus Kalboetxeagak eta Izarra Arriaranek hartua: Mankomunitatearen jardunaldi gastronomikoetan parte hartzera animatu dira, eta primeran joan zaie: "Harrituta gaude erantzunarekin; Bilbotik, Lezotik eta Nafarroatik ere etorri zaizkigu, adibidez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak