Ikusleak hunkituta, txaloka eta zutik, Ordorikaren emanaldian

Miren Arregi Amasorrain 2011ko abenduaren 11

Musikari oñatiarrak jarraitzaile asko dituela argi gelditu da. Urte luzeotako ibilbidean ikuslegoa bereganatzea lortu du eta horren adierazle atzo Elgetan eskainitako kontzertua. Espaloia lepo, jendea ahulkietan eserita zein zutik, Joseba Irazokiren emanaldiaren ondoren hasi zuen Ordorikak berea.

Hasieratik ikuslearen berotasuna lagun izan zuen Ordorikak. Eta berak bueltan berotasun hori ikuslegoari;  abesti zaharrekin bertaratuak hunkituz; ezaugarri dituen zorroztasunez eta sentsibilitatez Espaloiko txoko guztiak zipriztinduz. Ikusleen gogoan gelditzen diren kontzertu horietakoa izan zen.

Aurrez saldutakoak laukoiztu

Atzora arte 75 sarrera zeuden salduta eta aurreikuspen guztiak hautsiz, laukoiztu egin zen ikusle kopurua. 350 lagun batu ziren Espaloian.

Hodeien azpian, mundua

Sasien gainean eta lainoen azpian gertatzen direnetaz mintzo da Elgetan aurkeztu zuen disko berrian; munduan gertatzen denaz, maitasunaz, gorrotoaz, ahanzturaz, alaitasunaz, saminaz... Zehatzago, Eliasen Etxeaz, Zuhaitz eroriaz,  Zilarra aurkitu zuenekoaz, Mundua biltzen duen oihartzunaz. Zutaz eta nitaz.

Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Hortik, Hodeien azpian. Aztien eta sorginen elezaharrak sorgindu du oraingoan bere musika eta New Yorketik Euskal Herrirako itzuleran, dagoeneko argitan, Elgetan egin dute abestiek geldialdia; Debagoienean.

Bailara honetan ere Ruper Ordorikaren musikak, sustraiak errotuta dituelako. New Yorketik bueltan esan dugu; abestiak etxean sortu arren, New Yorkerako bidea egin dutelako beste behin. Joan-etorria. Han grabatu ditu abestiak, eta hemen masterizatu Jonan Ordorika, anaiarekin.

Musikari onak han eta hemen

Aurreko diskoetako grabaketetan  lagun izan dituen musikariak izan ditu oraingoan ere. Skuli Sverrison baxuan, Kenny Wollesen baterian eta Stephen Ulrich gitarran. Ben Monderrek –aurreko diskoetako gitarra jotzaileak– ere gonbidatu berezi gisa hartu du parte hiru abestitan eta Arkaitz Minerrek bibolina eta mandolina jo ditu.

Elgetan, aldiz, esan bezala, betiko mugalariak izan zituen lagun; Hasier Oleaga, Lutxo Neira eta Arkaitz Miner. Aspaldiko musika lagunak ditu Ruperrek aipatutako horiek, eta atzokoan ere igarri zen taula gainean eroso sentitzen dela eurekin. Zuzen, eder eta soinu politaz egin zuten emanaldia Espaloian. Eta bertaratuek modu berean erantzun zuten. 

Joseba Irazoki ere bikain

Esan bezala, Ordorikaz gain, euskal musikagintzan ere izen handia duen Joseba Irazoki beratarra aritu zen bakarka. Irazokik, beste musikari askorentzat egiten du lan, baina bere musika ere maisutasunez defendatzen duela erakusi zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak