Manolo Montiel: "Argazkiak ateratzea herria hobeto ezagutzeko bidea izan da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko abenduaren 4a

Herriko txoko garrantzitsuenei argazkia atera eta bideo-muntaia egin du. Atzo, zapatua, bi emanaldi egin zituen Ostatu tabernan; lepo bete zen.

Aurreko batean Gipuzkoako herri guztietan izan zen eta herri bakoitzetik txakur baten argazkia ekarri zuen. Oraingo honetan ez da Elgetatik mugitu, baina txoko gehienetan izan da. Argazkiak atera eta bideo-muntaia batean batu ditu guztiak. Zapatuan erakutsi du bere lanaren emaitza. Gustura geratu da jendearen erantzunarekin,

Zelan joan dira emanaldiak? Urduri egongo zinen!
Bai, nahiko urduri egia esateko baina oso ondo joan da guztia. Jende asko etorri da, nik espero baino gehiago. 21:00etako emanaldira 19:00etakora baino jende gehiago, baina bietan bete da taberna. Itxura denez, gainera, gustatu egin zaie; amaieran txalotu egin dute eta gustura gelditu naiz.

20 minutuko muntaia da, argazki asko dira... Jendeak non erreakzionatu du?
Batzuk ezagutzen ez zituzten tokiak ikusterakoan; Lagun Artea errotaren argazkiarekin, esaterako. Jendea agertzen den argazkiek ere harrera oso ona izan dute. Lagunak ikusterakoan erreakzio oso politak egon dira. Atentzioa deitu dit ere dentistaren kontsulta agertu denean baten batek nola galdetu duen ea hori non dagoen. Hemen enteratu da, antza, Elgetan dentista dugula.

Jende asko agertzen da argazkietan. Komertzioetan ere sartu zara. Elgetarrek erraz onartu dute argazkietarako posatzea?
Hasieran kosta egiten zaie, baina azaltzen duzunean zertarako den eta zer bilatzen duzun, animatzen dira. Herrikoa naiz, ezagutzen naute...

Nola otu zitzaizun horrelako lan bat egitea?
Bat batean otutzen zaizkit niri horrelakoak. Egun batean anaiarekin plaza gurutzatzen ari nintzela udaletxeari argazkia ateratzea otu zitzaidan. Eta hortik sortu zen herriko hainbat eraikini argazkia ateratzeko ideia. Eraikinak, komertzioak, musika eskola... gauza asko etorri dira ondotik.

Toki asko agertzen dira. Nola osatu duzu argazkitan jaso beharrekoen zerrenda?
Jendearen laguntzarekin. Zertan nenbilen jakin eta batek baino gehiagok esan dit 'atera duzu halako?' eta ni joan eta atera. Ez pentsa! Nik neuk ere ezagutzen ez nituen parajeetara iritsi naiz kontu honekin. Herria hobeto ezagutzeko bidea izan da.

Zer ezagutu duzu, esaterako?
Lagun Artea errota, Santixau ermita... eta ez nekien Aixolatik behera joanda dagoen Oillakorta taberna Elgeta denik.

Argazkia ateratzea gustuko duzu.
Bai. Horrelakoetan asko ikasten da eta uste dut apurka apurka hobetzen ari naizela.

Beste proiekturen bat buruan izango duzu honezkero!
Baditut pare bat ideia, baina atseden apur bat hartu behar dut. Esperientzia hau positiboa izan da eta seguruenik animatuko naiz beste zerbait egitera baina lasaitzea tokatzen da orain. Ordu dezente sartu ditut azken aldian kontu honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak