Pilotan egin nahi dutenen eta ume txikiak dituzten gurasoen artean egoera deserosoak sortu dira, eta, irtenbide bat topatu nahian, pilotalekurako arautegi berria landu eta onartu du Udalak.
Arautegi berriak bi eremu ezberdintzen ditu: lehenengo sei koadroak eta hortik atzerakoak. Orain arte ez bezala, 16:00etatik 18:00etara erabilera librekoak izango dira lehenengo sei koadroak. Horrek esan gura du lehenengo iristen denak izango duela lehentasuna; berdin dio pilotaria edo haurra izan.
Haurrendako azken lau koadroak
Haurrak ez dira jolastokirik gabe geldituko; 16:00etatik 18:00etara umeen erabilerarako erreserbatzen dira frontoiko azken lau koadroak. Ordu horretatik aurrera erreserbaz hartutako orduak hasten dira; beraz, kantxa libre utzi beharko dute erreserbarik egin ez dutenek.
Frontoiko ateak itxi egingo dira eta ikusleak harmailetan bakarrik egon ahal izango dira. Inola ere ez kantxan. Oxel Erostarberen iritziz, zenbait gurasoren aldetik abusuzko jarrerak izan dira: "Ume bakar batek pilotan ari den koadrila frontoitik botatzea, esaterako. Ezin da izan".